Jaizkibel mendia desmilitarizatuz gure lurrak berreskuratu!

| Hiritik At |

Lurralde antolamendu komunitario eta jasangarri propio baten alde

Gure lurraldearen antolaketa eta erabilerak herritarrongan duen eraginak arduratzen gaitu, lurraldea aztertu, ulertu eta honen inguruko proposamenak egitea baita gure ogibidea. Horregatik Bidasoa eta Oarsoaldeako eskualdeen lurralde artikulazioan parte garrantzitsu den Jaizkibel mendia, kanpo interes eta erabilpenetatik babestea ezinbestekoa iruditzen zaigu.

Jaizkibelgo tiro zelai militarrak zein Euskal Herrian dauden gainontzeko gune militarrek gure lurraldea fisikoki okupatzen dute, herritarrok gure lurraldearekin dugun harremana baldintzatzeko funtzioarekin.

Munduko Estatu guztien Indar Armatuek haien “Interes Nazional” deritzenak defendatzea izan dute betidanik funtzio nagusia, bai kanpoko arerioetatik zein barnekoetatik. Interes horietan garrantzitsuenetakoa izan ohi da Estatu soberanoen lurralde batasuna babestu eta bermatzea. Interes horien defentsarako kokapen geografikoak eta haien arteko komunikazio bideek berebiziko garrantzia izan dute, gure kasuan Espainiar zein Frantziar estatuek haien indar militarrak gure herrian kokatuz.

Frantziak, Ipar Euskal Herriko kostaldean ditu azpiegitura militarrak, Lapurdiko itsasertzean. Frantziar Itsas Armadak eta Lurreko Ejerzitoak Aturri ibaiaren inguruan dute bere zaintza eremua: Angelun, 2015ean itxi zuten basea bi patruila ontzirekin; eta Baionan, Lurreko Ejerzitoak Operazio Berezietako zentroa du hiriburuko zitadelan.

infografia

Espainiak aldiz Hego Euskal Herriko herrialde guztietan ditu azpiegiturak: Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Lau gune nagusi eta entrenamendurako bi eremuk osatzen dute gure herrian antolatutako Espainiar Indar Armatuen sare logistikoak.

Espainiako Indar Armatuen Lurreko Ejerzitoarenak dira lau azpiegitura nagusiak. Nafarroan, Berriobeitin du kuartela, herrialdeko hiriburutik 5 km-tara. 81 hektareako eremua okupatzen dute, hauetako 14 ha kuarteleko azpiegiturak direlarik eta gainontzeko 67 ha-k baso lurrak. Bizkaian Mungian dute kuartela, herrialdeko hiriburutik 15 km-tara. Gipuzkoan aldiz, Donostian bertan, Loiola auzoan. 17 ha-ko okupazioa du. Araban du Hego Euskal Herriko base nagusia Lurreko Ejerzitoak, Gasteizen, Arakako Base militarra. 540 ha-ko eremua dute haien esku, 120 ha hiri azpiegiturak direlarik eta 420 ha berriz baso lurrak.

Entrenamendurako bi gune dituzte: batetik, Gipuzkoan, Jaizkibelgo tiro zelaia, 365 ha-ko natur eremua hartzen duelarik; eta Nafarroan Bardeetako tiro poligonoa, Aire Ejerzitoaren entrenamenduak egiteko 2.222 ha-ko eremua, Europan dagoen tiro entrenamendu gune handiena.

Ez ote litzateke egokiago gure geografian zehar ditugun zazpi eremu horiek natur guneak babesteko, sektore agroekologiko bultzatzeko, etxebizitza komunitarioak eraikitzeko, ekonomia sozialeko kooperatibak abian jartzeko zein haurrentzat jolas libreko guneak antolatzeko erabiltzea?

Guztira Euskal Herriko 3.225 ha herritarron eskuetatik atera eta Espainia zein Frantziaren lurralde logika eta antolamenduaren mesedetan daude. Euskal lurraldea osatzen duten 48 eskualdeetatik 7-tan zehar daude barreiatuta azpiegitura militar hauek, bertako herritarronak ez diren interesei erantzunez eta bertako garapen komunitarioari inongo ekarpenik egin gabe.

Merkatal zentro handiek, azpiegitura obra erraldoiek, etabarrek eliteen aldeko espazioaren erabilpena sustatzen duten bezala espazio militar hauek ere norabide berdina dute.

Ez ote litzateke egokiago gure geografian zehar ditugun zazpi eremu horiek natur guneak babesteko, sektore agroekologiko bultzatzeko, etxebizitza komunitarioak eraikitzeko, ekonomia sozialeko kooperatibak abian jartzeko zein haurrentzat jolas libreko guneak antolatzeko erabiltzea?

Lurralde antolamendu komunitario eta jasangarri propio baten alde, “Jaizkibeletik militarrak kanpora” aldarriarekin bat egiten dugu.

Maiatzaren 13an Jaizkibelgo tiro eremuan 11:00tan egingo den ekitaldian parte hartzeko gonbita luzatzen dugu. 9:30etan Lezoko plazatik izango da irteera.