| Hiritik At |

SANTUENEA. Auzo plana, galdeketa eta 4 irakasgai

Pasa den larunbata, hilak 17 data garrantzitsua izan da Usurbilgo Santuenea Auzoko bizi-lagunentzat. Izan ere, beren auzoaren gaineko erabaki garrantzitsu bat hartzera deituak izan dira. Hau, berme legal-administratibo guztiak dituen galdeketa prozesu baten baitan egin dute.

Bozka eskubidea duten 16 urtetik gorako 359 auzotarrek erabakia galdera honi erantzunez hartu dute:

Nahi al duzu auzoaren erdigunea ber-antolatu, horretarako eskubaloi pistaren dimentsioak txikitu behar badira ere?

Emaitzak? Agerikoak hauek: 49 baiezko, 116 ezezko eta baliogabe 1 zuri. %46-ko parte hartzea hortaz. Ondorioz, auzoaren erdigunean konponketak eta hobekuntzak egingo dira baina hau berrantolatzeko planteamendurik gabe. Izan ere, eskubaloi kantxaren dimentsioak bere horretan mantendu behar direla ebatzi dute auzotarrek.

Ageriko horiez harago, badira bestelako emaitza interesgarri batzuk. Izan ere, auzogintzatik, behetiko gorako hirigintzaren logikan kokatuz, prozesu biziki interesgarri batekin kausituko gara. Lurraldegintza demokratikoa bultzatu nahi dugun teknikarientzat irakaspenez beteriko ibilbidea da Santueneakoa. Eskala oso txikian bada ere, hiri eskubidea eraikitzeko eredu bat.

Jarri dezagun arreta aipatu irakaspenetan eta hauen maisu izan diren auzotarrengan.

ERABAKIA PLAZARA!” EZ-OHIKO GALDEKETA BATEN 5 GAKO

1. GERTUTASUNAREN POTENTZIA POLITIKOA

Hasteko, erabaki eskala da deigarria. Espazial eta soziala. Izan ere, berme administratibo-juridikoak dituen prozesua, 409 pertsona bizi diren auzoari begira egin da. Apika normaltzat jo beharko genituzke horrelako gertuko-demokrazia ariketak, baina onartu beharko dugu ez direla maiz jazotzen.

Eskubaloi kantxa auzotarrak ez diren askok erabiltzen badute ere (ekipamendu munizipaltzat jo genezake), erabakimen gaitasuna auzotarrei eman zaie. Hautesle zentsua bertara mugatu da, 359 pertsonako zentsua osatuz. Hortaz, auzo burujabetza ariketa batez ari gara zeinak erabaki gaitasuna bertako biztanleen esku jartzen duen. Ekipamendu sarean fokua jarri izan bagenu, ikuspegi funtzionalista indartzen jarraituko genuke eta erabakia eskala munizipalean hartzea litzateke zentzuzkoena. Kasu honetan, ariketa “auzo bizigarri” baten planifikazioaren baitan egin da, bizitza-lurraldeak modu bateratuan ulertuz. Honela, bizitokiak hartu lehentasuna erabaki-subjektua definitzerako momentuan.

Bizi lagunek aipatu izan dutenez “ez gaude oso aktiboa izan ohi den auzo batean”. Haatik, galdeketaren parte hartze datuak esanguratsuak dira: %46. Erabakia biztanleen erdiak hartu du zuzenean. Durangon 2021ean, iritzi publikoan zentralitate itzela izan zuen eta hiri-birmoldaketan egiturazko garrantzia izango zuen PERI 1-aren gaineko galdeketan, parte-hartzea %28,57-koa izan zen (7.077 boto bildu ziren). Emaitzak onak, “Izan erabakia” kanpaina zabal baten osteko uzta izan ziren. Usurbilera bueltatuz, Zubietan jartzekoak ziren errauskailuaren gaineko galdeketa egin zen 2015. Hau ere bolo-bolo zebilen gaia, herrian eta Euskal Herrian. Udalak eta Erraustegia Erabakia Herri Plataformak ekimenak ahalegin itzela egin zuen kasu honetan ere. Parte hartzea: %43,6 arrakastatsu bat. Bidenabar %97,9-ak ezetz esan zion gaur egun martxan den erraustegiari.

Santuenean bozka kopurua ezin da alderatu (166). Baina eskala txikitasun hau da parte-hartze tasa handiaren indargune eta hortaz galdeketaren zilegitasunaren iturri. Edozein ebazpen publiko zuzeneko eragina jasoko dutenen erdiaren hautu zuzenez hartzea ez da ohiko oinarria.

Durangon 2021ean eta Usurbilen 2016 askoz konplexuagoak ziren prozesuak eman ziren. Auzokoa gertuagokoa, aurrez-aurre eta baliabide gutxiagorekin egin da. Hortaz, auzo galdeketak maiztasun handiagoa baimentzen duten demokrazia ariketa biderkagarriak dira. Han eta hemen afera komunen gainean erabakitzeko maiz erabili daitekeen mekanismoa da. Behetik gora eta poliki-poliki demokrazia zuzen eta zilegi baten oinarriak berritzeko lanabesa izan daitezke bada auzo-galdeketak.

Hau horrela izanda ere, ezin dugu begi-bistatik galdu kasu honetan egon den sukalde lana. Izan ere, galdeketa hau “Santuenea Elkar-lanean” auzo planaren baitan hezur-mamitu den ariketa izan da.

2. AUZOTIK ETA AUZOARENTZAKO EGOSITAKO GALDEKETA

Esan bezala, ezin dugu ahantzi behetik gorako auzo-prozesu pausatu baten ondorio izan dela galdeketa. Izaera baikorra izan duena.

Izan ere, galdeketa asko (gehienak ez bada), negoziazioa posible ez den gatazkei aterabidea emateko tresna bezala erabili dira. Aipaturiko Durango eta Usurbileko kasuak ekar genitzake berriz. Izaera ezkorrekoak dira.

Kasu honetan ezberdina izan da. Auzo planifikazioaren egitekoan murgildu dira auzotarrak 2021-an. Usurbilgo udalaren sustapen eta babesarekin eta Hiritik At-en bide-laguntzarekin Auzo Plana egiteari ekin diote. Bide honetan, auzoaren erdigunean nagusitzen den eskubaloi pistaren gaineko auziaren aurrean, planeko talde motorreko auzotarrak izan dira galdeketa proposamena luzatu dutenak. Nolabait aurretik Auzo Planean eginikoa balioztatzeko, hau ixteko eta erabakiaren zilegitasunaz aurrera egiteko.

Pausatu gaitezen momentu bat aipatu planean, galdeketa ulertzeko gakoa baita.

Santuenea Elkar-lanean. Auzo Plana” 2021eko maiatzetik hona garatu den parte hartze prozesua izan da. Auzoko talde eragileak gidatu du, Hiritik At-en bide-laguntzarekin. Bertatik auzo-diagnostikoa egin da (62 galdetegi, auzo-txangoa eta tailer ezberdinak oinarri) eta auzoaren epe ertaineko planifikazioa egin da. Planifikazio honek “hiri garapen integralaren” ideia bere egin du eta auzo-espazioa planifikatzea baino, “bizitza-auzoan” planifikatzeko erronkari heldu dio. Hau da: Zer bizi-modu nahi dugu auzoan eta ze espazio, ekipamendu, zerbitzu eta auzo-dinamika behar ditugu horretarako.

Horri begira esku-hartze estrategiko ezberdinak identifikatu dira. Hala nola: Auzoaren eta Oria ibaiaren arteko lotura bizigarria berreskuratzea (erdigunea ber-naturalizatuz eta ibai-parke bat eginez) eta oinezkoentzako espazio irisgarriak irabaztea aurrez aparkalekuak ordenatuz eta auzo-plazan erabilera berriak proposatzea. 

Santuenea Elkarlanean Auzo plana

Baina hau egiteko lekua beharrezkoa da, espazioz larri dabilen auzo batean. Honela, talde motorrak galdera bat planteatu dio bere buruari prozesuan zehar: Eta eskubaloi pista txikituko bagenu, horrela esku-hartze hauek egiteko espazioa irabaziz? Galderaren inplikazioaz jakitun, talde motorrak esku-zabaltasunez jokatzea erabaki du: Erabakia udalarekin hartu baino (urte beteko prozesu ireki batek ematen zion zilegitasunarekin), galdera hau auzotar guztiekin ebazteko erronka hartu du. Hor hasi da “Erabakia Plazara!” dinamika: Iraila-Urrian auzoko talde motorrean bertan landu da galderaren formulazio zehatza. Hau itxita, udalari pasa zaio eta honek prozedura administratibo guztia jarri du martxan. Bitartean, auzoan “deliberazio prozesu” bat diseinatu da. Honen baitan antolatu da erakusketa, ekoiztu da parte hartzea sustatzeko bideoa eta gauzatu Agurtzane Solaberrieta alkatearekin solasaldia.

Hortaz behetik gorako planifikazio herritar baten barne eztabaidak auzoarekin partekatzeko ariketa izan da galdeketa. Aurretiazko prozesua bera ere indartzeko sortua dena. Planaren talde motorrak proposatu eta honek gidatu du galdeketa bere aspektu gehienetan. Aurrera begira, bera izango da erabakiaren ondorioak, Udalarekin batera, kudeatu beharko dituena.

Honi tiraka, esanguratsua da erabakiaren irmotasuna gogora ekartzea: %70 pista txikitzearen kontra. Auzoaren erdigunerako plan interesgarriak baziren ere eta eskubaloi pistaren erabilera oso handia izan ez arren, gehiengo handi batek autu kontserbadorea egin du. Zer dela eta? Erantzun honen bila, espazioa-lekua-identitatearen arteko loturak arakatu beharko ditugu. Honetarako, hirigilearen begiradak ez du askorako balioko, antropologiaren betaurrekoak izango dira argigarriagoak.

Ahalegin honekin irakaspen baliotsu batekin aurkituko gara hirigintzan aritzen garenok: auzo-leku ugari, hirigintzak lehenesten dituen zenbait irizpideren baitan hutsalak (edo oztopoak) badira ere, bizi-lagunentzat nortasun ikur izan daitezkeela. Auzoan izan duten bizitzaren esperientzia gordailu kolektibo bilakatzen badira, ondare komuna dira bizi-lagunentzat. Puntu horretara iritsita, dimentsio identitario eta emozionalak korapilatzen dira espaziogintzarekin eta irizpide urbanistiko asko azken plan batean jauzten dira.

3. SANTUENEAKO ESKUBALOI PISTA EZ DA ESPAZIO HUTSA:
    LEKU ANTROPOLOGIKO BAT DA

Galdeketa honen hirugarren ezaugarri aipagarria duen inplikazio identitarioa da, eta hortaz emozionala. Usurbildarra ez denarentzako, honek azal dezake nola iritsi garen gisa honetako galdeketa batera.

Santuenean Eskubaloi Pista “kirol ekipamendu bat” baino askoz gehiago da. 1967an Usurbilgo eskubaloi klubaren kantxa bilakatu zen. Aurretik, Usurbilgo kirol kluba hara eta hona zebilen entrenamendu instalazio batetik bestera: Orio, Lasarte eta baita Donostia ere bai. Aldundiak eta Udalak dimentsio ofizialak zituen pista Oria eta Andatza mendien arteko tartean egitea ebatzi zutenean, Usurbilgo kirol kluba santuenean auzune isolatura ekartzeko erabakia hartu zuten.

Hortik aurrera eskubaloia harreman sozial askoren bitartekari egituratzailea bilakatu zen: haur-nerabeen sozializazio eremua, auzunera heldutako familien elkar-ezagutzarako ingurumaria eta auzo-kaxko harremanaren jostuna izan zen eskubaloia. Honekin, harreman guzti hauen espazio eta sinbolo bihurtu zen pista bera ere. Pistan jokatzen zuten gazteek gurasoen arrotasunerako eta pistaren bueltan elkar-ezagutzen zuten nagusiek. Pista hor zegoelako zetozen usurbildar eta ingurukoak auzora, bidenabar auzuneko ostalaritzari ere bizia emanez. Honela, pista auzunearen garai onenen lekukoa da, apika azkena.

Izan ere azken azken partida ofiziala 1990ean jokatu zen. Duela 30 urte baino gehiago. Usurbilgo klubak mailaz igotzea lortu eta laster federazioak arauak aldatu zituen: Debekatu egin zuen euri-azpian jokatzea. Amaitu ziren horrela Santueneako partida anfibio-epikoak. Pista hura estaltzea alboratu eta laster Usurbileko kaxkoan egingo zituzten arau berriei egokituriko instalazioak.

Denbora pasa den arren ukaezina da auzotar askok pistarekiko duten atxikimendua. Egun ikuspegi urbanistiko batetik azpi-erabilia den arren eta bir-moldaketa interesgarri askoren aurrean oztopo bada ere, auzunearentzako balio itzela duela argi geratu da.

Nolabait galdeketan parte hartu dutenen %70-ak berretsi du leku antropologiko baten aurrean gaudela (eta asko dira garai loriatsu hau ezagutu ez zutenak). Marc Augé-k definituriko zentzuan zeinetan espazioa esan-nahiz betetzen den. Lekua beraz, espazioaren eraikuntza sozial eta kulturalaren ondorioa da. Artefakto espazio-kulturala da lekua, ez fisikoa soilik. Lekua, esan-nahi eta zentzu biltegi da, bertan bizi direnentzat eta ulergarritasunaren printzipioa behatzen duenarentzat” diosku Augé-k. Zer esan nahi du honek? Ba jendartea bera, bere antolaketa sozial, politiko eta mundu-ikuskerarekin espazioan zizelkatua dela. Norabide oso antzekoan ari zaigu, galdeketari begira antolatu den erakusketan ageri den aipua: “Lekuak gure historia txikien biltegi dira, ondare komunak. Esan-nahiz hornituriko espazioa da lekua, hitz egin gabe mintzo zaiguna. Horregatik bilaka daitezke maiz gure munduak kokatzeko euskarri, gure nortasun eraikuntzaren mugarri”. Santuenea Galdeketa, erakusketa, 2022.

Santuenean espazio-emozio lotura hau gogor agertu da. Joera komunitarista hau ez da beti positiboa. Zenbaitetan deliberazio prozesua bera ere termino arriskutsuetara eraman du. Eskema sinple bezain faltsu batek iradoki du benetako auzotarrek ulertzen dutela pistaren garrantzia historikoa auzoarentzat eta hortaz, auzotar ona ezezkoaren alde egingo duela. Logika sinplistari jarraituz, baiezkoaren aldekoa “kanpotarren” eremu batean kokatuko luke bere burua. Bertakoak/kanpokoak bozka aukerarekin diskurtsiboki lotzeko tentaldiak egon dira. Dena den, auzotarrek gidaturiko deliberazio prozesuak arrisku hau gainditzeko bidea eman duela esan daiteke.

Santueneatik hortaz, beste irakaspen baliotsu bat datorkigu hirigintza aritzen garenoi: historiak eta espazioaren esan-nahiek garrantzia dute. Hortaz, ezin dugu behetik-gorako hirigintzaz aritu lekuaren dimentsio kultural-afektiboa aintzat hartu gabe. Honi men egin beharko dio beti hirigileak kontserbadurismo geldoenarekin konformatuz? Ez noski. Baina eremu honi begirunez egin beharko dio so, ulertu eta pedagogikoa izan beharko du ala eskatzen duten kasuetan.

Adostasunik ez dela nortasun, emozio eta irizpide urbanistikoen artean? Ba Santueneatarrak bezala egin: Galdetu.

4. DEMOKRAZIA ZUZENAREN EZINTASUNAK ETA HAUEK “DE FACTO” GAINDITZEKO MODUAK

Ezintasun legalak gainditzeko Udalak eginiko saiakera azpimarragarria da. Izan ere, galdeketak ezin du loteslea izan legalki eta hortaz “demokrazia zuzena” oso herren dago egungo marko legalean. Azken puntu honetan hau desobeditu gabe, “de facto” loteslea izateko egindakoa behatuko dugu.

Hasteko, Udalak prozesua landu du Udal barruan, alderdi denen adostasunak bilduz. Zegokion batzordetik pasa ostean udal batzaren adostasuna lortu du.

Ondoren mezu argi bat plazaratu du egon den foroetan: Udalak erabakia errespetatuko du, hau dena delako ere. Hau auzoko talde eragileari ere modu honetan helarazi zaio eta honek, auzoan horrela komunikatu du. Zentzu honetan, abenduaren 12an auzoan Agurtzane Solaberrieta Alkatearekin izandako solasaldi irekia garrantzitsua izan da. Bertan argi eta garbi berretsi da aipatu konpromisoa eta argibideak eman dira.

Honela, “de iure” ezinezkoa dena “de facto” erreal bilakatzen da: Bozkatzaileak eta Udalak badakite auzoan gailentzen den iritziaren arabera egingo direla gauzak etorkizunean. Berme legalik ez dagoela? Kasu honetan auzo informatu eta mobilizatu batek eta udalaren hitz publikoak osatzen duten berme oinarria, edozein formalismok baino ziurtasun handiagoa eskaintzen du.

ESKERRIK ASKO SANTUENEA

Hiritik At-i dagokigunez amaitzen doa elkarrekin egiteko genuen bidea, laster utziko dugu (denbora batez bederen) Santuenea auzoa. Guri dagokigunean, denbora da “auzogintzaren hipotesiarekin” atzera eta aurrera gabiltzala. Dela auzo ekintzaile gisa gure egunerokoan, dela kooperatiba gisa aholkularitza eta bide-laguntza eskaintzen Hiritik at, dela honen teorizazio lanetan BDS Koop.

Hiritik at

BDS Koop

Santueneako ibilbide honetan hausnarturiko gauza asko gertatzen ikusi ditugu. Talde motorra, auzo-udal lankidetza, auzoaren planifikazio integrala, eztabaida, galdeketa bat martxan jartzeko autua, … Bidean gauza berri asko ikasi ditugu, beste asko berretsi eta eremu askotan ere hausnarketa-gai asko ekarri ditugu etxera. Hau ezagutu ditugun auzo-gile askok emanak izan dira, baita auzoarekiko konpromiso osoz lan egin duten udal arduradunek oparituak ere.

Guzti honegatik eta auzogintzaren aldeko apustuan berresteagatik,

Mila esker Santuenea

Irunen,
2022-12-13

ITURRIAK

Augé, Marc (1992). Los no lugares. Espacios del anonimato. Una antropología de la Sobremodernidad. Hemen: https://designblog.uniandes.edu.co/blogs/dise2609/files/2009/03/marc-auge-los-no-lugares.pdf

Berria. (2021). Trenbidearen proiektua geldiaraztearen alde egin dute Durangon. https://www.berria.eus/albisteak/194984/trenbidearen-proiektua-geldiaraztearen-alde-egin-dute-durangon.htm

Durangoko Udala (2021). Izan erabakia. Ataria. (https://www.galdeketa.durango.eus/eu)

Hiritik At. https://hiritik-at.eus/

Laia (2021). Auzogintzaren unea (I). Auzoa eta honen apologia egiteko lau zutabe. Hemen: https://www.bdskoop.eus/2020/12/02/auzogintzaren-unea/

Noaua (2017). Gaur urtebete, Usurbilek eta Zubietak erraustegiaz erabaki zuten. https://noaua.eus/usurbil/1543505384095-gaur-urtebete-usurbilek-eta-zubietak-erraustegiaz-erabaki-zuten

Santuenea Auzo Plana (2022). https://www.usurbil.eus/eu/santuenea

Santuenea galdeketa parte hartzea sustatzeko bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=L57-L9AmbGw