Hiritik At-en Adimen Artifizialaren Erabilera Protokoloa

Hiritik At-en Adimen Artifizialaren Erabilera Protokoloa

 

 

| Hiritik At |

Hiritik At-ek Adimen Artifiziala tresna osagarri gisa erabiltzen du, lurralde-planifikazio proiektuak eta parte-hartze prozesuak laguntzeko eta indartzeko. AA ez da erabaki politikoak hartzeko erabiltzen, ezta giza eztabaida ordezkatzeko ere. Aldiz, lan-prozesuak azkartzeko, informazioa prozesatzeko eta edukiak ulergarriago bihurtzeko erabiltzen da.

Protokolo honen oinarriak honako hauek dira:

Giza-gainbegiratzea eta erantzukizuna: Prozesu osoan zehar Hiritik At-eko langileen egiaztatze kritikoa beharrezkoa da. Azken erabaki eta erantzukizuna beti pertsonen esku dago.

Gardentasuna: Parte-hartzaileei jakinarazten zaie non eta zergatik erabiltzen den AA. Tresnaren papera proiektuen memoria eta dokumentazioan argi agertzen da.

Testuinguruarekiko errespetua eta alborapenen kontrola: Jarraibideak tokiaren errealitateari, hizkuntzari eta kulturari egokitzen zaizkie. Estereotipoak, hegemonismo linguistikoak edo diskriminazioak saihestu eta zuzentzen dira.

Datuen babes eta pribatutasuna: Ez da inoiz datu pertsonalik edo informazio sentikorrik erabiltzen babes-neurririk gabe. EU-hosted plataformak eta iturri irekiko modeloak lehentasunez hartzen dira, GDPR araudiarekin bateragarritasuna bermatzeko.

Herramientak eta erabilera-metodologia: Zereginen konplexutasunaren arabera hautatzen dira tresnak. Idazketa-lanetarako eta transkripziorako, EU-hosted iturri irekiko ereduak eta Latxa lehenesten dira.

Metodologia idazketa kokatuak: Hiru fase jarraitzen dira: testuinguruaren eta dokumentazioaren bilduma, AArekin elkarrizketa gidatua proposamenak eta zirriborroak sortzeko, eta azkenik, gainbegiratze, zuzenketa eta legitimazio prozesua. AAk abiadura eta ideia-aniztasuna ematen du, baina ahotsa, zentzua eta egiletza Hiritik At-eko talde profesionalarena da.

Informazio gehiago behar izanez gero, harremanetan jarri daiteke Hiritik At-en komunikazio unitatearekin.

Trantsizio ekosozialista? Bioeskualdea? PEK planifikazioa? Galde diezaiegun lurraldeei_Hiritik At eta ICTA-UAB hitzarmena: ikerketa partekatu baten lehen urratsak

Trantsizio ekosozialista? Bioeskualdea? PEK planifikazioa? Galde diezaiegun lurraldeei_Hiritik At eta ICTA-UAB hitzarmena: ikerketa partekatu baten lehen urratsak

 

 

| Hiritik At |

Apirilean, Hiritik Atek eta Universitat Autònoma de Barcelonako Institut de Ciència i Tecnologia Ambientalsek (ICTA-UAB hemendik aurrera) hitzarmen bat sinatu dugu Euskal Herrian trantsizio ekosozialari buruzko ikerketa bateratu bat abian jartzeko. Helburua ez da soilik analisi akademikoa egitea, baizik eta martxan dauden lurralde-prozesuetatik abiatuta, plangintza publiko-ekonomiko-komunitarioaren (PEC) bidez etorkizuneko ereduak pentsatzea.

Testuinguru horretan, Bertie Russell eta Sarah Bretschko ikerlarien bisita izan dugu. Bisita honek izen bat izan du: “idazmahaitik lurraldera”, hain zuzen. Nolatan ba? Bada hilabeteetan zehar landutako marko, kontzeptu eta eztabaidak teorikoak lurraldearekin kontrastatzeko unea izan delako, bai eta berau egunero egiten duten biztanleekin ere. Koadernoa eta grabagailua motxilan, lurraldeetan pulunpatzeko astea izan da. Gozamen hutsa.

Horrela, lehen egunean, Hernaniko Burujabetzen Etxean bildu ginen. Goiz osoa hartu genuen elkarrekin, trantsizio ekosozialari, plangintza demokratikoari edo bioeskualdearen ideiari buruzko galderak partekatzeko. Ez genuen marko teoriko itxi bat eraiki: lurraldean mugitzen lagunduko gintuzten galderak formulatu genituen. Nola planifikatu bizitzaren oinarri materialak modu demokratikoan? Zein eskalatan egin dezakegu zer? Zein botere-baldintzatan? Trantsizio ekosozialista edo bioeskualdea… esangurarik al dute lurraldeko protagonistentzat?

Horiek izango ziren elkarrizketatuko genituen kideekin arakatzeko galderak.

Hernanin, Hernani Burujabe prozesuaren barruan, Enherkom energia komunitatea aztertu genuen, non herritarrek energiaren gaineko kontrol handiagoa eskuratzeko bideak irekitzen ari diren. Maitelan zaintza kooperatiban, berriz, emakume migratuek antolatutako egitura ezagutu zuten ICTA-UABeko lagunek, zaintzaren sektorean dauden prekarietate eta zapalkuntza egoerei aurre egiteko sortua, zaintzen dutenen duintasuna erdigunean jarriz. Bestalde, Bidea herritar taldearekin, argi geratu zen planifikazio demokratikoa ez dela ideia bat, baizik eta egunerokoan eraikitzen den gaitasun kolektibo bat: arkitektura politiko berri bat eta planifikazio prozesu antolatua, alegia.

Oiartzunen, Oiartzun Burujabe prozesua ezagutzean, galdera bera beste modu batean agertu zen: nola artikulatu tokiko esperientziak eskala handiagoetan? Elika Kooperatiba-rekin lurrak berreskuratzeko eta elikadura-sistema berrantolatzeko egiten ari diren lana ikusi genuen; Argitturri energia komunitatean, tokiko egokitzapenak eta ereduaren moldakortasuna; eta zaintzaren arloan, galdera klabe bat: nork hartzen du parte burujabetza prozesuetan, eta nola egin lekua oraindik kanpoan dauden gorputzei?

Astea amaitzeko, Goierrira joan ginen, funtsezkoa baitzen ICTA-UABeko lagunek Biziola ezagutu zezaten. Lazkaoko “bizitza-fabrikan” ikusi genuena beste eskala bateko esperientzia izan zen: kooperatiba logikan antolatutako espazio bat, agroekologia trantsizioari eta bestelako sektoreei lotua. Bertan honako hipotesia sortu zen bat-batean: izango al dira halako egiturak etorkizuneko garapen agentzia herrikoiak? Trantsizio ekosozialari heltzeko oinarri ekonomiko-komunitarioak?

Lehen landa-lan astean ez dugu behin-betiko erantzunik topatu, ez bada kontrakoa: galdera gehiago, norabide bera izanagatik ere askotariko esperientziak, erronka komunak, izan bera baina izate oso ezberdinak. Edonola ere, zerbait bai geratu zaigu argi: trantsizio ekosoziala ez da idazmahaitik etorriko soilik, ezta aktibismo isolatutik ere; teoria eta praktika gurutzatzen diren tokitik izango du indarra; hau da, eguneroko praktika zentzu estrategikoz gauzatzen dugunean hasten gara lurraldeak eraldatzen.

Elkarrizketa burutsuz gain, asteak laguntasun harreman bat sendotzeko balio izan du, Hiritik At eta ICTA-UABen artean, edo hobeto esanda, Sarah eta Bertirekin. Azterketak prozesu eraldatzaileak dira, eta beraz, garunarekin eta kontzeptu abstraktuekin ez ezik, gorputzarekin egiten dira; irri eta afektuekin, bazkaloste luze eta garagardo errondekin. Horrela, Irungo Mosku Plaza gure idazmahaia izan da maiz, eta Larreaundi auzoko gauak harrapatu gaitu nahi baino gehiagotan. Alta, horietan agertu dira konklusio burutsuenak, bai eta ikerketari zentzua ematen dioten ilusio eraldatzaile kartsuenak ere.

Horiek horrela, Apirilean egindako egonaldia bide baten hasiera baino ez da izan. Izango du hegal serioa, galdera hauen baitan garatu beharrekoa: udal eskalaz harago, nola artikulatu trantsizio ekosozialista lurraldetik bultzatzeko bioeskualdeak? Bioeskualdea ote hazkunde-osteko bizitzak antolatzeko kontzeptu giltzarri bat? Nola egin planifikazio publiko-komunitario-ekonomikoa ahalbidetuz? Gipuzkoa ote da aipatu bioeskualdea josteko eskala estrategikoetako bat? Eta izango du, are serioago den beste bat; hots: ICTA-UABeko lagunekin elkarlana sakontzea, Hiritik Atekin, bai eta Euskal Herrian trantsizioaren alde ari diren bestelako eragileekin ere.

Irunen, 2026ko maiatzean

AA erabilera kritikoa (4/4): Erantzukizuna, marko arautzaileak eta erabilera kritikorako baldintzak

AA erabilera kritikoa (4/4): Erantzukizuna, marko arautzaileak eta erabilera kritikorako baldintzak

 

 

| Hiritik At |

Laugarren elkarrizketa honetan, Egoitz de la Iglesia-rekin hitz egin dugu adimen artifizialaren erabileraren dimentsio praktiko eta erabakigarri bati buruz: nola ezarri erabilera kritiko eta arduratsu baterako irizpideak erakundeetan. Elkarrizketak abiapuntu argi bat du: ez da nahikoa “zuhurtziaz” edo “etikaz” jokatu behar dela esatea, kontzeptu horiek zehaztu eta operatibo bihurtu behar dira. Horretarako, erakunde bakoitzak bere testuinguruan definitu behar ditu bere marra gorriak, bere balioekin eta jardunarekin koherenteak diren erabilera-irizpideak ezarriz. Ildo horretan, aztertzen dira, besteak beste, marko legalen mugak, “legal washing”-aren arriskua edo datuen babesaren inguruko praktika egokiak.

Saioak, halaber, ikuspegi zabalago bat proposatzen du: adimen artifizialaren inguruko eztabaida baliatzea teknologia digitalaren erabilera orokorra berrikusteko. Tresnen hautaketa ez da neutroa, eta ez da soilik gaitasun teknikoaren arabera egin behar; kontuan hartu behar dira balioak, arriskuak, mendekotasunak eta ondorio epistemologikoak ere, bereziki hizkuntza eta testuinguru propioen ikuspegitik. Azken batean, elkarrizketak azpimarratzen du galdera nagusia ez dela zein tresna erabili, baizik eta zertarako eta nola erabili, eta nola eraiki erabaki horiek modu partekatuan, ezagutza teknikoa eta ikuspegi instituzionala uztartuz.

ERANTZUNKIZUNA, MARKO ARAUTZAILEAK ETA ERABILERA KRITIKORAKO BALDINTZAK – EGOITZ DE LA IGLESIA (HUHEZI – MONDRAGON UNIBERTSITATEA)

 

ARIKETAK

Galdetegia egin

ELKARRIZKETAREN SINTESIA

4-Egoitz de la Iglesia (HUHEZI – MU)

DOKUMENTAZIO GEHIGARRIA

EHUn adimen artifiziala erabiltzeko printzipio eta gomendioak

Adimen Artifizialeko tresnen erabilera Elhuyarren

 

AA erabilera kritikoa (4/4): Erantzukizuna, marko arautzaileak eta erabilera kritikorako baldintzak

AA erabilera kritikoa (3/4): Demokrazia eta parte-hartzea

 

 

| Hiritik At |

Hirugarren elkarrizketan, Arantzazulabeko kideekin hitz egin dugu, adimen artifizialaren eta demokraziaren arteko harremana aztertzeko, bereziki parte-hartze prozesuen ikuspegitik. Abiapuntua da gaur egungo demokrazia ez dela soilik “krisian” dagoen zerbait, baizik eta eraldaketa sakon batean murgilduta dagoen errealitate bat. Testuinguru horretan, galdera nagusia da ea zer ekarpen egin dezaketen teknologia berriek —eta zehazki adimen artifizialak— harreman demokratikoak, deliberazioa eta parte-hartzea indartzeko.
Elkarrizketan aukera eta arriskuak batera lantzen dira. Alde batetik, adimen artifizialak parte-hartzea eskalatzeko, ahots gehiago jasotzeko, informazio gainkarga kudeatzeko edo inklusio-bide berriak irekitzeko duen potentziala aztertzen da. Bestetik, argi uzten da arrisku handiak ere badaudela: deliberazioaren kalitatea galtzea, algoritmoen opakutasuna, parte-hartze kosmetikoa edo erabaki-prozesuak gehiegi automatizatzeko tentazioa. Horregatik, saio honek tresna baliagarriak eskaintzen ditu ulertzeko zergatik ez den nahikoa teknologia berriak txertatzea, eta zergatik behar diren baldintza instituzional, politiko eta metodologiko berriak benetako parte-hartze demokratikoa bermatzeko.

DEMOKRAZIA ETA PARTE HARTZEA – IONE ARDAIZ ETA ANE MIREN VALENCIANO (ARANTZAZULAB)

 

ARIKETAK

Galdetegia egin

ELKARRIZKETAREN SINTESIA

3-Ione Ardaiz eta Ane Miren Valenciano (Arantzazulab)

DOKUMENTAZIO GEHIGARRIA

Demokrazia aro digitalean – Arantzazulab

 

AA erabilera kritikoa (4/4): Erantzukizuna, marko arautzaileak eta erabilera kritikorako baldintzak

AA erabilera kritikoa (2/4): Boterea eta erabakia

 

 

| Hiritik At |

Bigarren elkarrizketa honetan, Xabier Barandiaran-ekin hitz egin dugu, adimen artifizialaren inguruko eztabaidari ikuspegi filosofiko, politiko eta teknologiko batetik heltzeko. Elkarrizketan, bereziki lantzen dira IAren inguruan zabaldu diren mito batzuk —esaterako, “moda” hutsa dela edo bere kontrola erabat bloke bakar baten esku dagoela—, eta horien atzean dauden botere-harremanak, interes geopolitikoak eta alternatiba posibleak aztertzen dira.
Saio honetan, adimen artifiziala ez da tresna tekniko huts gisa aurkezten, baizik eta pentsamenduan, erabaki-prozesuetan eta gizartearen antolaketan eragiten duen azpiegitura gisa. Horregatik, elkarrizketak galdera garrantzitsuak jartzen ditu mahai gainean: nork kontrolatzen du benetan teknologia hau? Zer esan nahi du erabakiak desplazatzea? Zer aukera irekitzen dira burujabetza teknologikoa eta tokiko alternatibak pentsatzeko? Elkarrizketa hau bereziki baliagarria da AAren inguruko eztabaida ikuspegi politikotik eta estrategikotik kokatzeko.

BOTEREA ETA BURUJABETZA TEKNOLOGIKOA – XABIER BARANDIARAN

 

ARIKETAK

Galdetegia egin

ELKARRIZKETAREN SINTESIA

1-Xabier Barandiaran

DOKUMENTAZIO GEHIGARRIA

Adimen Artifiziala eta eraldaketa soziala – EH Bilduk antolatutako mintegia

Adimen Artifiazala edo automatizazioaren automatizazioa – Joanes Plazaola (Gedar aldizkaria)

Adimen Artifizialren inguruko artikuluak – Xabier Barandiaran