| Hiritik At |
Trantsizio eko-sozialaz, hiri ereduaz, behetik gora,
Behe Bidasoaz
BDSkoop Behe Bidasoako Ekonomia Sozial Eraldatzaileko sarea da. “Eraldaketa fabrika” deitu izan dugu gure burua; izan ere, ekonomia kritikoa eginez, eskualdean eraldaketa sozialari ekarpena egiteko sare ekonomikoa gara.
Ezinegon horretatik, eta lurraldea(k) eraldaketaren gakoetako bat dela iritzita, 2022eko apirilean bizHIRIak topaketa antolatu genuen, hirien eraldaketa erronkei buruzko hausnarketa bat bultzatzeko asmoarekin eta trantsizio eko-soziala behetik gora abiatzeko helburuarekin. Jardunaldi hartan Behe Bidasoako hainbat elkarte eta eragile batu ginen.
Erantzun onak animatuta, aurten bizHIRIak II proiektua martxan jarri dugu, trantsizio eko-sozialaren bidean ikuspegia zabaltzeko asmoz, honako helburuarekin:
Behe Bidasoako lurraldetasunetik abiatuta, trantsizio sozio-ekologikorako aukera,iniziatiba, eta ekintza posibleak ezagutu, eta gure eskualdean nola aplikatu pentsatu,behetik gorako ariketa batean.
Hausnarketa hitz gako hauen baitan zedarritzea planteatu dugu:
• Trantsizio eko-soziala zerumuga gisa: Ekologikoki zein sozialki justua den hiri eta lurralde batera jo behar dugu: Naturarekin lotuko dena eta desberdinkeria sozialen ezabatzea bilatuko duena.
• Hiria eta honen baldintzak, trantsiziorako abiapuntu gisa: Giza bizitoki espezifikoak dira hiriak, ezaugarri berezidunak: Konplexutasuna, dentsitatea, aniztasuna, zatiketa, eskala, terziarizazioa… Horiei loturiko arazoak ere komunak dira hiri askotan: baliabide kontsumoa, mugikortasuna, espazio publikoa, etxebizitza, demokrazia lausoa, bazterketa soziala, etab. “Baldintza hiritar” horiek zentrora ekartzea proposatzen dugu, trantsizioa termino konkretuetan planifikatzeko ezinbestekoak baitira.
• Behetik gora egingo dugun hiria metodo gisa: Historikoki hiriak elite ekonomiko-politiko jakinek planifikatu dituzte, beren interesen irudiko hiriak ditugu. Hiria eraldatu nahi duen elkartegintzatik asko dira aldarrikapen, ideia eta planteamendu alternatiboak. Gure aburuz, trantsizioa norabidetzeko ezinbesteko jakintza ondarea. Guzti hauetan jarriko dugu arreta eta hauetako zenbait bistaratu nahiko dira; beti ere, hauek ahots propioz hitz egin ahal izateko plaza irekiz
• Behe Bidasoa eraldaketarako leku gisa: Hondarribia, Irun eta Hendaia artean osatzen dugun eskualdea da gure hausnarketaren tokia. Bidasoa ibaiaren bi ertzetan diren hiru hiri, erriberetako 97.662 biztanle. Batzuetan gainetik beste askotan azpitik, bi Estatuen arteko mugan bizi den eskualdea. Errealitate anitza izanagatik ere, uste dugu badirela elkarrekin hausnartu eta ekitera gonbidatzen gaituzten hainbat arrazoi.
Trantsizio eko-sozialaren markoa kokatu eta erronkak eta aukerak zeintzuk izan daitezkeen argitzeko bidean lanean aritu gara. Horretarako, lehenik eta behin, Bizi nahi dugun lurraldea deitutako hitzaldi zikloa antolatu da.
Hitzaldi zikloa bi jardunalditan burutu da, Irungo Palmera Monteron, trantsizio eko-sozialaren gaia alor ezberdinetatik landu duten hizlariekin.
Lehenengo jardunaldian, Gure lurraldeak krisi eko-sozialaren aurrean: Aukerak eta erronkak deiturikoan, bi hitzartze eman dira:
Unai Pascual, BC3ko ikertzaile eta IPBESeko kidea, bultzatzeko dugun trantsizioaren erpin anitzez aritu zaigu. Hala nola energetikoa, bio-aniztasunari dagokiona edota klimari dagokiona. Bestetik Iñaki Barcena, Ekopol ikerketa taldeko kidea eta Ekologistak Martxan-eko aktibista. Berarekin krisien erro sistemikoak eta alternatibak eko-sozialak eraikitzeko abaguneak arakatu ditugu.
Foroen bigarren jardunaldia, Trantsizioa nola? Eko-feminismoaren eta herrigintzarren iparrak. Honako honetan beste bi gonbidaturekin. Blanca Baias, Bartzelonan kokatzen den l’Observatori del Deute en la Globalització (ODG) eta d’Acció Ecofeminista-ko kidea egon da gurekin eta hiriari eta honen eraldaketari betaurreko eko-feministekin begiratu diogu. Bergarako EHUNDUko kide diren Ekaitz Aranberri zinegotzia eta Ander Zangitu Ehunduko teknikaria izan dira gurekin, herrigintzan oina jarriz, Bergaran trantsizio sozio-ekologikoa josten ari den ekimena ezagutarazteko.
Hitzaldi zikloa abiapuntu, bertan landutakoa foro espezifikoetan lurreratu da ondoren. Lau foro egin dira hurrengo gaietan banatuta: Hirigintza behetik gora: “kontraplanak”, Agroekologia hirian: Urduñako esperientzia, Mugak gainditzen: mugaz gaindiko entitateak eta euskalgintza eta Hirigintza genero ikuspegitik.
Guzti honen helburua, aldarrikapen eta alternatiba ezberdinak bildu eta hiri ereduaren gaineko hausnarketa komun bat islatuko duen dokumentu ireki bat sortzea izan da, Txingudin trantsizio eko-soziala abiatzeko 15 proposamen.
Proposamen hauek Txingudi duin eta bizigarri baten bila, trantsizio eko-sozialari heltzeko estrategiak dira.