AA erabilera kritikoa (4/4): Erantzukizuna, marko arautzaileak eta erabilera kritikorako baldintzak

AA erabilera kritikoa (4/4): Erantzukizuna, marko arautzaileak eta erabilera kritikorako baldintzak

 

 

| Hiritik At |

Laugarren elkarrizketa honetan, Egoitz de la Iglesia-rekin hitz egin dugu adimen artifizialaren erabileraren dimentsio praktiko eta erabakigarri bati buruz: nola ezarri erabilera kritiko eta arduratsu baterako irizpideak erakundeetan. Elkarrizketak abiapuntu argi bat du: ez da nahikoa “zuhurtziaz” edo “etikaz” jokatu behar dela esatea, kontzeptu horiek zehaztu eta operatibo bihurtu behar dira. Horretarako, erakunde bakoitzak bere testuinguruan definitu behar ditu bere marra gorriak, bere balioekin eta jardunarekin koherenteak diren erabilera-irizpideak ezarriz. Ildo horretan, aztertzen dira, besteak beste, marko legalen mugak, “legal washing”-aren arriskua edo datuen babesaren inguruko praktika egokiak.

Saioak, halaber, ikuspegi zabalago bat proposatzen du: adimen artifizialaren inguruko eztabaida baliatzea teknologia digitalaren erabilera orokorra berrikusteko. Tresnen hautaketa ez da neutroa, eta ez da soilik gaitasun teknikoaren arabera egin behar; kontuan hartu behar dira balioak, arriskuak, mendekotasunak eta ondorio epistemologikoak ere, bereziki hizkuntza eta testuinguru propioen ikuspegitik. Azken batean, elkarrizketak azpimarratzen du galdera nagusia ez dela zein tresna erabili, baizik eta zertarako eta nola erabili, eta nola eraiki erabaki horiek modu partekatuan, ezagutza teknikoa eta ikuspegi instituzionala uztartuz.

ERANTZUNKIZUNA, MARKO ARAUTZAILEAK ETA ERABILERA KRITIKORAKO BALDINTZAK – EGOITZ DE LA IGLESIA (UHEZI – MONDRAGON UNIBERTSITATEA)

 

ARIKETAK

Galdetegia egin

ELKARRIZKETAREN SINTESIA

4-Egoitz de la Iglesia (UHEZI – MU)

DOKUMENTAZIO GEHIGARRIA

EHUn adimen artifiziala erabiltzeko printzipio eta gomendioak

Adimen Artifizialeko tresnen erabilera Elhuyarren

 

AA erabilera kritikoa (4/4): Erantzukizuna, marko arautzaileak eta erabilera kritikorako baldintzak

AA erabilera kritikoa (3/4): Demokrazia eta parte-hartzea

 

 

| Hiritik At |

Hirugarren elkarrizketan, Arantzazulabeko kideekin hitz egin dugu, adimen artifizialaren eta demokraziaren arteko harremana aztertzeko, bereziki parte-hartze prozesuen ikuspegitik. Abiapuntua da gaur egungo demokrazia ez dela soilik “krisian” dagoen zerbait, baizik eta eraldaketa sakon batean murgilduta dagoen errealitate bat. Testuinguru horretan, galdera nagusia da ea zer ekarpen egin dezaketen teknologia berriek —eta zehazki adimen artifizialak— harreman demokratikoak, deliberazioa eta parte-hartzea indartzeko.
Elkarrizketan aukera eta arriskuak batera lantzen dira. Alde batetik, adimen artifizialak parte-hartzea eskalatzeko, ahots gehiago jasotzeko, informazio gainkarga kudeatzeko edo inklusio-bide berriak irekitzeko duen potentziala aztertzen da. Bestetik, argi uzten da arrisku handiak ere badaudela: deliberazioaren kalitatea galtzea, algoritmoen opakutasuna, parte-hartze kosmetikoa edo erabaki-prozesuak gehiegi automatizatzeko tentazioa. Horregatik, saio honek tresna baliagarriak eskaintzen ditu ulertzeko zergatik ez den nahikoa teknologia berriak txertatzea, eta zergatik behar diren baldintza instituzional, politiko eta metodologiko berriak benetako parte-hartze demokratikoa bermatzeko.

DEMOKRAZIA ETA PARTE HARTZEA – IONE ARDAIZ ETA ANE MIREN VALENCIANO (ARANTZAZULAB)

 

ARIKETAK

Galdetegia egin

ELKARRIZKETAREN SINTESIA

3-Ione Ardaiz eta Ane Miren Valenciano (Arantzazulab)

DOKUMENTAZIO GEHIGARRIA

Demokrazia aro digitalean – Arantzazulab

 

AA erabilera kritikoa (4/4): Erantzukizuna, marko arautzaileak eta erabilera kritikorako baldintzak

AA erabilera kritikoa (2/4): Boterea eta erabakia

 

 

| Hiritik At |

Bigarren elkarrizketa honetan, Xabier Barandiaran-ekin hitz egin dugu, adimen artifizialaren inguruko eztabaidari ikuspegi filosofiko, politiko eta teknologiko batetik heltzeko. Elkarrizketan, bereziki lantzen dira IAren inguruan zabaldu diren mito batzuk —esaterako, “moda” hutsa dela edo bere kontrola erabat bloke bakar baten esku dagoela—, eta horien atzean dauden botere-harremanak, interes geopolitikoak eta alternatiba posibleak aztertzen dira.
Saio honetan, adimen artifiziala ez da tresna tekniko huts gisa aurkezten, baizik eta pentsamenduan, erabaki-prozesuetan eta gizartearen antolaketan eragiten duen azpiegitura gisa. Horregatik, elkarrizketak galdera garrantzitsuak jartzen ditu mahai gainean: nork kontrolatzen du benetan teknologia hau? Zer esan nahi du erabakiak desplazatzea? Zer aukera irekitzen dira burujabetza teknologikoa eta tokiko alternatibak pentsatzeko? Elkarrizketa hau bereziki baliagarria da AAren inguruko eztabaida ikuspegi politikotik eta estrategikotik kokatzeko.

BOTEREA ETA BURUJABETZA TEKNOLOGIKOA – XABIER BARANDIARAN

 

ARIKETAK

Galdetegia egin

ELKARRIZKETAREN SINTESIA

1-Xabier Barandiaran

DOKUMENTAZIO GEHIGARRIA

Adimen Artifiziala eta eraldaketa soziala – EH Bilduk antolatutako mintegia

Adimen Artifiazala edo automatizazioaren automatizazioa – Joanes Plazaola (Gedar aldizkaria)

Adimen Artifizialren inguruko artikuluak – Xabier Barandiaran

 

AA erabilera kritikoa (4/4): Erantzukizuna, marko arautzaileak eta erabilera kritikorako baldintzak

AA erabilera kritikoa (1/4): Zer da eta zer ez da Adimen Artifiziala?

 

 

| Hiritik At |

Adimen artifiziala gero eta presenteago dago gure eguneroko lanean, eta bereziki eragiten die ezagutza, hizkuntza, informazioa eta erabakiak lantzen dituzten jarduerei. Hirigintzan, tokiko garapenean, parte-hartze prozesuetan edo administrazio publikoan ari diren profesionalentzat, beraz, funtsezkoa da tresna hauek zer diren, nola funtzionatzen duten eta zer arrisku eta aukera dakartzaten modu kritikoan ulertzea.
Horretarako, AAren erabilera kritikorako formakuntza-proposamen hau prestatu dugu. Formakuntzak hiru osagai nagusi ditu: lehenik, hainbat aditurekin egindako elkarrizketak, gaiari ikuspegi osagarri eta sakonetik heltzeko; bigarrenik, elkarrizketa bakoitzari lotutako ariketak eta galdetegiak, edukien ulermena eta hausnarketa propioa lantzeko; eta, hirugarrenik, dokumentazio osagarria, landutako ideiak kokatu, zabaldu eta sakontzeko. Proposamenaren metodologiak entzutea, irakurtzea eta pentsatzea uztartzen ditu: ez da soilik informazioa jasotzeko formatu bat, baizik eta erabilera kontzienteago, zorrotzago eta arduratsuago baterantz hurbiltzeko gonbidapena.
Lehen elkarrizketa honetan, Yoseba Peña-rekin hitz egin dugu. Informatikaren, filosofiaren eta pentsamendu kritikoaren arteko elkargunetik, gaur egun adimen artifizialaz ulertzen dugun hori zer den —eta zer ez den— aztertzen du. Elkarrizketan, besteak beste, AAren funtzionamendu probabilistikoa, “ulermenaren ilusioa”, egiarekiko duen harremana, lan intelektualean izan dezakeen eragina eta hizkuntza, kultura eta burujabetza teknologikoaren auziak lantzen dira. Lehen saio honek, beraz, oinarrizko marko kontzeptual bat eskaintzen du ondorengo elkarrizketak kokatzeko, eta adimen artifizialari begirada kritiko batekin heltzeko lehen tresnak ematen ditu.

ZER DA (ETA ZER EZ DA) ADIMEN ARTIFIZIALA? YOSEBA PEÑA

 

ARIKETAK

Galdetegia egin

ELKARRIZKETAREN SINTESIA

1-Yoseba Peña

DOKUMENTAZIO GEHIGARRIA

Elements of AI

Basque Artificial Intelligence Center – Gidak