GERO ARTE LAKAXITA!

| Hiritik At |

13 urte baino gehiago pasa dira Lakaxita okupatu genuenetik, 5 eta piko Hiritik At sortu genuenetik eta 3 t’erdi bertan bulegoa jarri genuenetik LKXT koop lelopean.

Bidean hamaika ekimen eta proiektu izan dira: jantoki bejetarianoak, antzerki edo zinema zikloak, hitzaldiak, dozenaka kontzertu, futbol txapelketa kultur anitza, baratza kooperatiben sorrera, haurren zaintza kolektiborako espazioak, Labore… eta etorkinentzako harrera gunea azken hilabeteetan ere!

Hainbat eta hainbat mugimendu sozialekin aritu gara elkarlanean eta gai desberdinak landu izan ditugu: feminismoa, kultura librea, elikadura subirautza, internazionalismoa, ekonomia sozial eraldatzailea eta kultur aniztasuna besteak beste.

Bidean arazoak, liskarrak eta arratoiak izan dira ere! Baina batez ere, benetan merezi duten pertsonak!

LKXT koop bulegoa

Gaur, Hiritik At-eko kideok agur esan diogu Lakaxitari. Eskualdean Ekonomia Sozial Eraldatzailea sustatzeko espazioa izango den BDS koop abiatu dugu eta ilusioz beterik gauden momentu honetan, nostalgia puntu bat sentitu dut ere.

Eragileak eta proiektuak pertsonok egiten ditugu zalantzarik gabe baina nonbaiten pentsatu eta garatzen ditugu eta, Lakaxita merezi duten hamaika proiektuen hazitegi izan da. Hiritik At bera ez zen izango Lakaxitarik gabe eta gu geu ez ginen garenak izango.

Lakaxitan ikasi, landu edo eztabaidatutako guztia eramaten dugu beraz gure bizitzen hurrengo erronkei aurre egiteko. Balore batzuk eta egiteko era batzuk eramaten ditugu gurekin, horiek garatu, hobetu eta guztia eraldatzeko nahiarekin, hasieran bezala…

Gero arte Lakaxita, kaixo BDS koop!