| Hiritik At |

HERNANI BURUJABE. BATU ERALDAKETARA!

Covid19-aren pandemiak, urte luzez ereindako sindemia utzi du agerian. Krisi anitzak: Zaintzan, elikaduran, energian, baliabide ugaritan… zerrenda amaigabea izan daiteke. Egunez egun larritzen eta txirikordatzen direnak kolapsora hurbilduz gure belaunaldia. Kapitalismoak lurra akitu du gehiengo sozialen esplotazioa erabiliz tresna gisa. Aberastasuna etengabe metatzeko xede bakarrez. Politika mozkinen mirabe, intentsitate baxuko demokrazia honen pean aterabiderik ez. Ordezkaritza sistema ere zilegitasun krisi batean.

Denak loturik “zibilizazio krisi” baten atarian jarri gaitu. Zer egin!?

Zer borobil bat baino, “nola” bat da Hernani Burujabe herri egitasmoaren erantzuna. Lurraldetik, burujabetza ekonomikoa eta sakontze demokratikoa xedez.

Azken ikasturtean Hernaniko Udalarekin eta herri eragile anitzekin, bizi dugun garai historikoari tokitik erantzuteko estrategia komuna diseinatzen egon gara. Hiritik At, tokiko garapen burujabearen ikuspegitik bide-lagun izan da. Entzun eta aholkatuz, lankidetzan eraiki dugu tokitik burujabetza eraikitzeko estrategia. Udala, elkartegintza eta tokiko ehun ekonomiko eraldatzailea artikulatuz, jakintza eta potentziala lurraldean dagoelako.

Burujabetzak eraiki eta demokrazian sakontzea xede, hauek Hernanin ehundutako abiatze printzipioak. Trantsizio prozesu konplexurako pistak:

  • Lurraldea subjektu: Lurraldea 3 agente mota nagusik osatzen dutela ulertuko da: Udala, herritarrak eta eragile ekonomikoak. Hernani Burujabe hiru erpin hauen arteko harreman dialektiko bezala ulertuko da. Hauen arteko tentsio sortzaileak bultzatuko du prozesua.
  • Lurralde burujabetza xede: Zer da hau? Bizitza posible egiten duten eremu ekonomiko funtsezkoetan burujabetza eraikitzeko determinazioa. Duintasunaren, ongizatearen eta benetako demokrazia baten izenean. Hasiak dira herri erabakimena eraikitzen zenbait sektoretan: Elikadura, Energia, Zaintza edota Monetan. Hernaniko nekazari elkartea, HerriLur kontsumo elkartea, Hernaniko Energia Berriztagarrien Komunitatea, Zaintzen demokratizaziorako estrategia edo Hernaniko txanponaren abiatzea dira honen baieztapen praktikorik argienak. Honetarako eskura ditugun tresna egokienak erabiliko ditugu: mota anitzeko Kooperatiba ereduak eta elkarteak.
  • Lurraldean botere harreman berri bat: Demokraziaren esanahi original eta erradikalaren bila. Bizitzak auto-gobernatzeko pausu erabakigarria eman nahi da Hernanin. Horretarako beharrezkoa da ekonomian ere herritar erabakimena eraikitzea. Nola? Hernani Burujabe herri egitasmoaren baitan, lurralde agenteen artikulazio berri batez bidez: Udalak baliabideak publikatzeko egitekoa izango du herritar antolatuen esku utziko ditu. Herritarrek behar sozio-ekonomikoak definitu eta horiei erantzuteko ekonomikoki auto-antolatuz (elkarte, herri kooperatiba, etab.). Ehun ekonomikoak, kolektiboki definituriko behar-desira horiek asebetetzea izango du xede lurralde estrategiari ekarpena eginez.
  • Sakontze demokratikoa: Hernani Burujabe izango den ahalduntze kolektiborako prozesuan, herritarren antolakuntzaren bidez lurralde dinamika gidatzeko apustua. Progresiboki baino etenik izango ez duen trantsizio prozesu batetaz ari gara,. Parte hartzean, ekonomian, hirigintzan… herritarrak burujabe bihurtuko dituen trantsizio prozesuaz ari garaHernani Burujaben herria-udala-tokiko enpresak harremana, gobernantza eko-sistema berri baten baitan emango da, lurralde estrategia adostuaren baitan.
  • Trantsizio post-kapitalista: Egitasmoak egungo zibilizazio oinarriak gainditzea du xede. Tokiko erantzuna da, dituen mugez, baina eskala handiagoko erantzunak ehuntzeko herri alea da. Honela amildegi sozial honetara ekarri gaituzten egiturazko dominazio sistemak gainditzeko borondate esplizitua du: Kapitalismoa, patriarkatua eta kolonialismoa. Zeharka eta espezifikoki, feminismoa, anti-arrazakeria eta aukera berdintasuna integratuko ditu eraldatzailea izan nahi duen prozesuan

Atera da plazara Hernani Burujabe eta ez esku hutsik. Hitzez eta ekintzez. Aniztasunez. Handiak dira asmoak, konplexua da erronka baina bizi dugun ataka historikoak ez du besterik baimentzen: Hats luzeko ikuspegi estrategikoa, demokrazia osoarekiko konpromisoa, lurraldea eta ausardia.

Gure aburuz, hau lurralde burujabetza ardatz duen tokian tokiko estrategia integralez jarrai daiteke eraikitzen. Herritarrak, udala eta tokiko agente ekonomikoak agenda burujabeen baitan artikulatzen. Ekonomia eta demokrazia uztartzen formula berean: Erabakimena eta ongizatea.

Herriz herri, bailaraz bailara. Burujabetzan aurrera egiten duen edozein lurraldek, denon burujabetzarako ateak irekitzen baititu apur bat gehiago.

Asko baitugu jokoan

Hernanin, Euskal Herrian eta munduko lurraldeek

Batu eraldaketara. Eraiki lurralde burujabeak.