| Hiritik At |

Apirilean, Hiritik Atek eta Universitat Autònoma de Barcelonako Institut de Ciència i Tecnologia Ambientalsek (ICTA-UAB hemendik aurrera) hitzarmen bat sinatu dugu Euskal Herrian trantsizio ekosozialari buruzko ikerketa bateratu bat abian jartzeko. Helburua ez da soilik analisi akademikoa egitea, baizik eta martxan dauden lurralde-prozesuetatik abiatuta, plangintza publiko-ekonomiko-komunitarioaren (PEC) bidez etorkizuneko ereduak pentsatzea.

Testuinguru horretan, Bertie Russell eta Sarah Bretschko ikerlarien bisita izan dugu. Bisita honek izen bat izan du: “idazmahaitik lurraldera”, hain zuzen. Nolatan ba? Bada hilabeteetan zehar landutako marko, kontzeptu eta eztabaidak teorikoak lurraldearekin kontrastatzeko unea izan delako, bai eta berau egunero egiten duten biztanleekin ere. Koadernoa eta grabagailua motxilan, lurraldeetan pulunpatzeko astea izan da. Gozamen hutsa.

Horrela, lehen egunean, Hernaniko Burujabetzen Etxean bildu ginen. Goiz osoa hartu genuen elkarrekin, trantsizio ekosozialari, plangintza demokratikoari edo bioeskualdearen ideiari buruzko galderak partekatzeko. Ez genuen marko teoriko itxi bat eraiki: lurraldean mugitzen lagunduko gintuzten galderak formulatu genituen. Nola planifikatu bizitzaren oinarri materialak modu demokratikoan? Zein eskalatan egin dezakegu zer? Zein botere-baldintzatan? Trantsizio ekosozialista edo bioeskualdea… esangurarik al dute lurraldeko protagonistentzat?

Horiek izango ziren elkarrizketatuko genituen kideekin arakatzeko galderak.

Hernanin, Hernani Burujabe prozesuaren barruan, Enherkom energia komunitatea aztertu genuen, non herritarrek energiaren gaineko kontrol handiagoa eskuratzeko bideak irekitzen ari diren. Maitelan zaintza kooperatiban, berriz, emakume migratuek antolatutako egitura ezagutu zuten ICTA-UABeko lagunek, zaintzaren sektorean dauden prekarietate eta zapalkuntza egoerei aurre egiteko sortua, zaintzen dutenen duintasuna erdigunean jarriz. Bestalde, Bidea herritar taldearekin, argi geratu zen planifikazio demokratikoa ez dela ideia bat, baizik eta egunerokoan eraikitzen den gaitasun kolektibo bat: arkitektura politiko berri bat eta planifikazio prozesu antolatua, alegia.

Oiartzunen, Oiartzun Burujabe prozesua ezagutzean, galdera bera beste modu batean agertu zen: nola artikulatu tokiko esperientziak eskala handiagoetan? Elika Kooperatiba-rekin lurrak berreskuratzeko eta elikadura-sistema berrantolatzeko egiten ari diren lana ikusi genuen; Argitturri energia komunitatean, tokiko egokitzapenak eta ereduaren moldakortasuna; eta zaintzaren arloan, galdera klabe bat: nork hartzen du parte burujabetza prozesuetan, eta nola egin lekua oraindik kanpoan dauden gorputzei?

Astea amaitzeko, Goierrira joan ginen, funtsezkoa baitzen ICTA-UABeko lagunek Biziola ezagutu zezaten. Lazkaoko “bizitza-fabrikan” ikusi genuena beste eskala bateko esperientzia izan zen: kooperatiba logikan antolatutako espazio bat, agroekologia trantsizioari eta bestelako sektoreei lotua. Bertan honako hipotesia sortu zen bat-batean: izango al dira halako egiturak etorkizuneko garapen agentzia herrikoiak? Trantsizio ekosozialari heltzeko oinarri ekonomiko-komunitarioak?

Lehen landa-lan astean ez dugu behin-betiko erantzunik topatu, ez bada kontrakoa: galdera gehiago, norabide bera izanagatik ere askotariko esperientziak, erronka komunak, izan bera baina izate oso ezberdinak. Edonola ere, zerbait bai geratu zaigu argi: trantsizio ekosoziala ez da idazmahaitik etorriko soilik, ezta aktibismo isolatutik ere; teoria eta praktika gurutzatzen diren tokitik izango du indarra; hau da, eguneroko praktika zentzu estrategikoz gauzatzen dugunean hasten gara lurraldeak eraldatzen.

Elkarrizketa burutsuz gain, asteak laguntasun harreman bat sendotzeko balio izan du, Hiritik At eta ICTA-UABen artean, edo hobeto esanda, Sarah eta Bertirekin. Azterketak prozesu eraldatzaileak dira, eta beraz, garunarekin eta kontzeptu abstraktuekin ez ezik, gorputzarekin egiten dira; irri eta afektuekin, bazkaloste luze eta garagardo errondekin. Horrela, Irungo Mosku Plaza gure idazmahaia izan da maiz, eta Larreaundi auzoko gauak harrapatu gaitu nahi baino gehiagotan. Alta, horietan agertu dira konklusio burutsuenak, bai eta ikerketari zentzua ematen dioten ilusio eraldatzaile kartsuenak ere.

Horiek horrela, Apirilean egindako egonaldia bide baten hasiera baino ez da izan. Izango du hegal serioa, galdera hauen baitan garatu beharrekoa: udal eskalaz harago, nola artikulatu trantsizio ekosozialista lurraldetik bultzatzeko bioeskualdeak? Bioeskualdea ote hazkunde-osteko bizitzak antolatzeko kontzeptu giltzarri bat? Nola egin planifikazio publiko-komunitario-ekonomikoa ahalbidetuz? Gipuzkoa ote da aipatu bioeskualdea josteko eskala estrategikoetako bat? Eta izango du, are serioago den beste bat; hots: ICTA-UABeko lagunekin elkarlana sakontzea, Hiritik Atekin, bai eta Euskal Herrian trantsizioaren alde ari diren bestelako eragileekin ere.

Irunen, 2026ko maiatzean