| Hiritik At |

Lurralde Burujabetza.

UTOPIA PLANIFIKATZEN SEGITZEKO PROPOSAMENA

 

Hiritik At kooperatibatik jada 10 urte daramatzagu Euskal Herriko txoko desberdinetan lanean. Hirigintzan, lurralde antolaketan eta tokiko garapen proiektuetan jakintza teknikoak eta konpromisoa uztartzen saiatu gara eraldaketa sozialaren mesedetan.

Orain dela 2 urte, Hernani Burujabe proiektuan lanean hasi ginen. Ongizatea eta burujabetza lurraldetik eraiki nahi dituen trantsizio prozesua da Hernani Burujabe, Hernaniko udalak eta bertako zenbait eragilek sustatu dutena.

Aukera hau oso garrantzitsua izaten ari da guretzat. Hernanin, han eta hemen metatutako esperientzia profesional eta militanteak modu integral eta jarrai batean ari baikara lantzen.

Hori horrela izanda, Hernanin egiten ari dena konpartitu nahi izan dugu. Alde batetik udalerrian egunerokoan egiten ari dena eta bestetik, egitasmoaren atzean dagoen paradigma, “Lurralde Burujabetza” bezala izendatu duguna. Hau, ongizatea, demokrazia eta burujabetzak tokiko eskalatik eraikitzeko marko posible bat da.

Beraz, liburuxka gure bizipen eta ikuspegitik egina dago eta hortaz ideia bat azpimarratu beharra dago: Hau ez da Hernani Burujaberen memoria ofizial bat. Aitzitik, guk bizi izan dugunetik abiaturiko kronika da zeinari garapen kontzeptual bat gehitzen zaion. Azken hau, praktikatik gehiegi aldendu gabe egiten saiatu gara, baina abstrakzio puntu batekin. Markoa orokortuz errazago izan daitekeelako ezberdinak diren errealitateetan eredua erreplikatzea.

Ale gozagarria izango delakoan,
Irun, 2023ko uztailean