Bermeoko eskola patioa

Bermeoko herri eskolako jolastokia eraldatzeko diseinu proiektua

Hirigintza

Lekua: Bermeo
Eskala: Herria
Urtea: 2025
Bezeroa: Bermeoko Udala
Kolaboratzaileak: Iñigo Salaburu (Unea Images)
info +:

 

Duela bost hamarkada eraikitako Bermeoko Herri Eskolaren jolastokia egungo hezkuntza-ikuspegi eta erabilera beharretara egokitzeko eraldaketa proiektua da honakoa.

Urte luzez esku-hartze esanguratsurik izan ez duen jolastoki honek potentzial handia dauka, maila ezberdinak, sartuneak, berdeguneak eta erabilera askotarako aukerak uztartzen baititu.

Diseinuaren abiapuntua Bermeoko eskola komunitateak egindako diagnostiko parte-hartzailea izan da; irakasleek, guraso elkarteak, langileek eta haurrek zehaztutako irizpideak oinarri hartuta garatu da proposamena. Proiektuaren helburu nagusia jolastokia balio hezitzaileetan oinarritutako espazio bihurtzea da, genero-berdintasuna ardatz hartuta, adin guztietako haur eta gazteentzat egokia izango den eskaintza sortuz. Natura, parte-hartzea, autonomia, jolasa eta sormena dira diseinuaren giltzak. Helburu horiek lortzeko, naturatik urbanora doan trantsizioa, espazioen aniztasuna, irisgarritasuna bermatuko duten loturak eta gaur egun zatikatuta dagoen jolastokiaren bateratzea planteatzen dira.

Horrela, jolasgune zentrala, gune estaliak, naturgunea, baratzea, esperimentazio gunea eta kirolgunea definitu dira. Proiektua faseka gauzatzeko asmoz, lehen fasearen definizio proiektua garatu da, jolasgune zentralari dagokiona, eta dagoeneko eraikuntza lanak martxan daude.