TXIRIKORDA

– belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa –

Hirigintza

Lekua: Usurbil

Eskala: Herria

Urtea: 2018-2019

Bezeroa: Usurbilgo Udala

Kolaboratzaileak: LZB arkitektura

info + : usurbil.eus; udalbiltza.eus; gara

Gaur egungo etxebizitza ereduak eta bere prezioek ez dute erantzuten jendartearen beharretara eta horren aurrean beharrezkoa da eredu berriak diseinatu eta inplementatzea, izaera publiko-komunitarioa izango duten etxebizitzak sustatuz.

Gazteak eta adin nagusiko pertsonak bereziki baztertuta geratzen dira egun indarrean dagoen eskaintzatik. Lehenengoak euren diru-sarrerengatik nagusiki, bigarrenak zenbait faktoreengatik (irisgarritasuna, herrigunetik urrun bizitzea, bakardadea, beharra aldatu direlako…). Horregatik pentsatu dugu, bi kolektibo hauek elkar elikatu ahal direla, kemena eta esperientzia, txirikorda bat sortzen.

Proiektu hau definitzeko prozesu parte-hartzaile bat abiatu da herritarrak, udal gobernaua eta udal teknikarien artean. Prozesu honek, 3 dokumentu tekniko-administratiboen oinarriak jarri ditu:

– Udal ordenantza bat, non etxebizitzak esleitzeko baldintzak eta arautegia ezartzen da.
– Harrera gida bat. Txirikordan bizi nahi dutenei zuzenduta.
– Proiektu arkitektonikoa.

ZER DA TXIRIKORDA?
Txirikorda Usurbilgo udalak bultzatu duen belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioaren proiektua da. Proiektu berritzailea da Euskal Herrian. Nagusiki, bi arazoei aurre egin nahi dio:
– Gure herrian gazteek etxebizitza eskuratzeko pairatzen duten zailtasun egoera.
– Gure komunitateko zaintza lanen afera eta bereziki gure adin nagusikoen zaharkitze aktiboa.. Honen aurrean hurrengoa proposatzen dugu: bi kolektibo hauetako pertsonei alokairuan bizitzeko aukera emango dien eraikina eta euren artean zein herriarekin harremantzeko beste eredu bat bultzatuko duena.

NOLAKOA DA TXIRIKORDA?
Ugartondon kokatutako eraikin bat da. Bertan 16 etxebizitza daude (logela bakarreko 10 eta bi logelako 6). Etxebizitza bakoitza egongela, sukaldea, komuna, logela(k) eta terrazaz osaturik dago.
Gainera eraikinak espazio komunak ditu: terraza teilatuan, portxea sarreran, garbigailuak, biltegiak, sukaldea, jantokia, egongela, liburutegia, erabil anitzeko gela eta baratza bat.

NORENTZAT?
Bi kolektiboetan pentsatu dugu. Etxebizitza baten jabeak ez diren 18-30 tarteko gazteak eta 60 urtetik gorako pertsona pentsiodun eta menpekotasun gabekoak. Bi kasutan Usurbilen 3 urte baino gehiago erroldatuta eraman beharko dute. Pertsonek norbanako moduan edo bizi nahi duten beste
pertsonekin batera eskatu ahal izango dute etxebizitza, beti ere, guztiek baldintzak betetzen badituzte.

NOLAKO ALOKAIRUA?
Gazteen kasuan alokairua denbora mugatukoa izango da, 5 urte gehienez. Adin nagusiko pertsonen kasuan aldiz, denbora mugagabean izango da, beti ere, menpekotasun gabeko pertsona den bitartean. Errenta, diru-sarrera guztien %15 izango da, minimoa 90 euro hilean ezarrita.
Etxebizitza jabegoan duten adin nagusiko pertsonen kasuan, kontratua sinatzen denetik urte bateko epean, etxebizitza hori hutsik ez dagoen konpromisoa hartuko dute.

ZEIN DA HARTU BEHARREKO KONPROMEZUA?
Txirikordan komunitatean biziko gara eta horrek, besteak beste, eskatzen du: bestearekiko errespetua, parte-hartzea eta komunitateak adostutako norbanako zein kolektiboen lanak aurrera ateratzeko konpromisoa.Txirikordak energia berriztagarrien zein bertako kontsumo arduratsuaren aldeko apustua egiten du. Gainera Txirikordak Usurbilgo bizitza publikoan eragile aktibo bat izan nahi du, beraz, barne zein kanpoko jarduerak bultzatuko ditu.