ELKARREKIN BIZI

ELKARREKIN BIZI

ELKARREKIN BIZI!

Belaunaldi arteko etxe kolaboratibo bat diseinatzeko eta sustatzeko prozesua

Hirigintza

Lekua: Donostia

Eskala: Hiria

Urtea: 2020

Finantziazioa: Adinberri Fundazioa

Eragileak: Elkarbidean elkartea, Abaraska elkartea eta Donostiako Udala

Teknikariak: LZBarkitektura koop., Juntura koop., Jonander Agirre Mikelez ARKITEKTURA, 373 abokatuak, Garazi Plazaola, Aholku koop., Larraitz Gonzalez, TaPuntu koop., Parean elkartea

info + : https://elkarrekinbizi.eus/

Bai herritar taldeak eta bai erakunde publiko batzuk etxeen espazioa beste era batean planteatzea proposatzen duten proiektuak lantzen ari dira. Sustatzen ari diren etxe ereduan, garrantzia ematen diote komunitateari eta kolektiboari bai alderdi sozialetik eta bizikidetzarenetik, bai diseinuaren, espazioen banaketaren eta arkitekturaren aldetik eta bai jabetzaren eta antolatzeko eraren aldetik. Era berean, proiektu hauen xedea da ohiko etxebizitzaren alternatiba berritzaile bat sustatzea, eta politika publikoetan eragitea, bai etxebizitza arlokoetan, eta bai asistentzia arlokoetan.

Elkarrekin Bizi proiektuaren helburu orokorrak dira etxearen eredu kolaboratibo batean sakontzea, dauden aukerak analizatzea eta gure ingurunera egokitzea, horretarako tresna espezifikoak sortuz.

Honako helburu hauek planteatzen ditugu:

  • Etxe kolaboratiboaren eredua zehazteko prozesu bat garatzea.
  • Etxe eredu bat garatzea non protagonistak auzokideak izango diren.
  • Belaunaldien arteko harremanak sustatuko dituen prozesu eta espazio bat sorraraztea.
  • Erakunde publikoak, enpresa espezializatuak eta komunitateko eragileak elkarrekin lan egitea.
  • Eredua hedatzen lagunduko duten baliabideak sorraraztea.

Zehazki, eta askotariko sektoreetako profesionalekin lan eginez, irtenbideak bilatzen saiatu gara honako alor hauetan:

  • Juridiko-urbanistikoa
  • Arkitektonikoa
  • Zaintzak eta komunitatea
  • Bideragarritasun ekonomikoa eta finantzarioa

Prozesu honetatik atera diren emaitzekin, asmoa da horiek oinarri gisa hartzea etorkizuneko belaunaldiarteko etxe kolaboratiboak gauzatzeko, baina jakin badakigu hori garatzeko zenbait alderdi zorroztu behar izango direla, baita proiektua abian jartzearen ondoriozko aldaketetan ere.

Horrez gain, asmoa da emaitza horiek baliagarriak izatea etxe kolaboratiboen eta/edo belaunaldiartekoen ekimen berriak martxan jartzeko.

 

 

IRUN AUZOETATIK HOBETZEN

IRUN AUZOETATIK HOBETZEN

IRUN AUZOETATIK HOBETZEN

Hiri estrategiaz hausnartzeko eztabaida ireki prozesua

Hirigintza

Lekua: Irun

Eskala: Auzoa [Auzogintza]

Urtea: 2019-2020

Bezeroa: –

Kolaboratzaileak: Irungo Auzo Elkarteak eta PausuMediaAntxeta Irratia

info + : Antxeta Irratia – Irun auzoetatik hobetzen

Irun, Bidasoaldeko hiria, Gipuzkoako bigarrena da. Hiria zentzu guztietan: jatorri aniztasuna, desberdintasun ekonomiko nabariak, dentsitatea eta sormena lurralde zati txikian pilaturik.

Azken mende erdian, hiriaren egitura espazial propioaren gainean, eta jatorri zein klase aniztasunak zeharkaturik, auzogune ezberdinak sortu ditugu irundarrok. Pio XII, San Miguel, Larreaundi, Katea zein Behobia, egunerokoan bereizi ditzakegun “lekuak” dira. Lekuak zentzu espazial baina baita antropologikoan ere: identitateak sortzen dituzte, hirian gure gune ezagun dira, bertako jaiak elkarrekin ospatzeko tarte. Auzoak babesgune izan daitezke horrela lantzen badira, elkarbizitza komunitarioa indartzeko eskala.

Egun Irunen 19 auzo desberdindu ditzakegu eta bertan lan egiten duten 19 auzo elkarte. Elkar harremanerako Oiaso Federazioa ere aipagarria. Hau, gure hiriak duen ondare aktibo garrantzitsua da. Denok dugu honen kontzientzia baina… Birpentsatu daitezke auzoak, auzo elkarte eta auzogintza Irun hobetzeko? Hobetu dezakegu gure hiriaren gobernantza auzoei pisu gehiago emanez?

Erantzun baikor baten bidean, horiexek izan dira eztabaida gidatu duten galderak. Covid19-ak baldintzaturik, telematikoki egin beharreko eztabaida prozesua izan zen. Auzo elkarte gehienek 40 galderako galdetegi bat bete zuten, baita 22 eragile sozialetako kidek ere. Ondorioa:

Gaur eta hemen, auzogintza hiriaren gobernuaren demokratizazio eta barne orekarako tresna garaikidea izan daiteke. Auzoa justizia sozialaren, auzo orekaren, hiri demokraziaren eta ehuntze komunitarioaren erronken aurrean lehenetsi beharko genukeen eskala estrategikoa da.

Galdetegietatik atera ziren emaitzetatik, bi lan ekoiztu eta itzuli zitzaizkien auzo elkarteei, behean ikusgai daudenak:

  • “Irun Auzoetatik hobetzen” txostena

  • “Mejorar Irun desde sus barrios. Participación y territorio: hacia un nuevo modelo de gobernanza. Estudio y propuesta para orientar la gobernanza de Irun hacia un modelo más participativo y territorializado”. Hirigintzaren masterraren baitan (UOC) gure kide den Iker Eizagirrek egindako Master Amaierako Lana (MAL) aplikatua.

TXIRIKORDA belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa

TXIRIKORDA belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa

TXIRIKORDA

– belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa –

Hirigintza

Lekua: Usurbil

Eskala: Herria

Urtea: 2018-2019

Bezeroa: Usurbilgo Udala

Kolaboratzaileak: LZB arkitektura

info + : usurbil.eus; udalbiltza.eus; gara

Gaur egungo etxebizitza ereduak eta bere prezioek ez dute erantzuten jendartearen beharretara eta horren aurrean beharrezkoa da eredu berriak diseinatu eta inplementatzea, izaera publiko-komunitarioa izango duten etxebizitzak sustatuz.

Gazteak eta adin nagusiko pertsonak bereziki baztertuta geratzen dira egun indarrean dagoen eskaintzatik. Lehenengoak euren diru-sarrerengatik nagusiki, bigarrenak zenbait faktoreengatik (irisgarritasuna, herrigunetik urrun bizitzea, bakardadea, beharra aldatu direlako…). Horregatik pentsatu dugu, bi kolektibo hauek elkar elikatu ahal direla, kemena eta esperientzia, txirikorda bat sortzen.

Proiektu hau definitzeko prozesu parte-hartzaile bat abiatu da herritarrak, udal gobernaua eta udal teknikarien artean. Prozesu honek, 3 dokumentu tekniko-administratiboen oinarriak jarri ditu:

– Udal ordenantza bat, non etxebizitzak esleitzeko baldintzak eta arautegia ezartzen da.
– Harrera gida bat. Txirikordan bizi nahi dutenei zuzenduta.
– Proiektu arkitektonikoa.

ZER DA TXIRIKORDA?
Txirikorda Usurbilgo udalak bultzatu duen belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioaren proiektua da. Proiektu berritzailea da Euskal Herrian. Nagusiki, bi arazoei aurre egin nahi dio:
– Gure herrian gazteek etxebizitza eskuratzeko pairatzen duten zailtasun egoera.
– Gure komunitateko zaintza lanen afera eta bereziki gure adin nagusikoen zaharkitze aktiboa.. Honen aurrean hurrengoa proposatzen dugu: bi kolektibo hauetako pertsonei alokairuan bizitzeko aukera emango dien eraikina eta euren artean zein herriarekin harremantzeko beste eredu bat bultzatuko duena.

NOLAKOA DA TXIRIKORDA?
Ugartondon kokatutako eraikin bat da. Bertan 16 etxebizitza daude (logela bakarreko 10 eta bi logelako 6). Etxebizitza bakoitza egongela, sukaldea, komuna, logela(k) eta terrazaz osaturik dago.
Gainera eraikinak espazio komunak ditu: terraza teilatuan, portxea sarreran, garbigailuak, biltegiak, sukaldea, jantokia, egongela, liburutegia, erabil anitzeko gela eta baratza bat.

NORENTZAT?
Bi kolektiboetan pentsatu dugu. Etxebizitza baten jabeak ez diren 18-30 tarteko gazteak eta 60 urtetik gorako pertsona pentsiodun eta menpekotasun gabekoak. Bi kasutan Usurbilen 3 urte baino gehiago erroldatuta eraman beharko dute. Pertsonek norbanako moduan edo bizi nahi duten beste
pertsonekin batera eskatu ahal izango dute etxebizitza, beti ere, guztiek baldintzak betetzen badituzte.

NOLAKO ALOKAIRUA?
Gazteen kasuan alokairua denbora mugatukoa izango da, 5 urte gehienez. Adin nagusiko pertsonen kasuan aldiz, denbora mugagabean izango da, beti ere, menpekotasun gabeko pertsona den bitartean. Errenta, diru-sarrera guztien %15 izango da, minimoa 90 euro hilean ezarrita.
Etxebizitza jabegoan duten adin nagusiko pertsonen kasuan, kontratua sinatzen denetik urte bateko epean, etxebizitza hori hutsik ez dagoen konpromisoa hartuko dute.

ZEIN DA HARTU BEHARREKO KONPROMEZUA?
Txirikordan komunitatean biziko gara eta horrek, besteak beste, eskatzen du: bestearekiko errespetua, parte-hartzea eta komunitateak adostutako norbanako zein kolektiboen lanak aurrera ateratzeko konpromisoa.Txirikordak energia berriztagarrien zein bertako kontsumo arduratsuaren aldeko apustua egiten du. Gainera Txirikordak Usurbilgo bizitza publikoan eragile aktibo bat izan nahi du, beraz, barne zein kanpoko jarduerak bultzatuko ditu.

jolasparkEAk

jolasparkEAk

jolasparkEAk

Hirigintza

Lekua: EA
Eskala: Udalerria
Urtea: 2018
Bezeroa: EAko udala
Kolaboratzaileak:
info + :

Udalerriko auzo ezberdinetan barreiatuta dauden jolas eremu ezberdinen azterketa burutu da. Egun jolaserako espazio eta elementuek duten egoera aztertu, aukerak landu eta aurrera begira egin beharreko interbentzio aukerak diseinatu dira. Lanaren helburua datozen urteetan udalak jolas azpiegituren inguruan hartu beharreko erabakietan laguntzeko oinarri bat izatea da.

Aramaio jolas parkea

Aramaio jolas parkea

Aramaio jolas parkea

Hirigintza

Lekua: Aramaio
Eskala: Udalerria
Urtea: 2018
Bezeroa: Aramaioko Udala
Kolaboratzaileak: Olgeta
info + :

Jolasak haur eta gazteen bizitzetan duen garapena eta espazioak horretarako duen garrantzia landu ditugu Aramaioko jolas eremu honen ber-pentsatze prozesuan.

Elkarlanean egindako proiektua izan da: batetik “Hiritik At”, espazioaren inguruko ikuspegia txertatuz ; eta bestetik “Olgeta”, jolasaren inguruko ikuspegia txertatuz.

Espazioaren antolaketan erabiltzaileek duten garrantzia kontutan izanik haurrekin, eskolako irakasleekin, herritarrekin eta guraso zein zaintzaileekin eraman dugu aurrera prozesua.