Hernani Burujabe! Eraldaketarako pausoa
| Hiritik At |
“Hernani Burujabe, eraldaketarako pausoa” dokumentala. Bira Produkzioak-ekin baterako eginiko dokumentala ikusgai.
Birarekin batera “Hernani Burujabe, eraldaketarako pausoa” dokumental motza ondu dugu. Duela urte bete hasi zuen Hernani Burujabe herri egitasmoak bere ibilbidea. Asmoa, eskala lokaletik lurralde burujabetza eraikitzeko trantsizio prozesu integral bat aktibatzea da. Dokumentalak gaur arteko ibilbidea jaso du, bi plano uztartzen saiatu delarik: Hernaniko lurraldean jazotzen ari denaren kronika eta hau gidatzen duen paradigma politikoaren azalpena.
Burujabetzen herrian biziko gara!
Horrela ageri da Hernaniko markesina eta txoko ugaritan. Asmo eta borondateak agertzen dituen leloa da bai. Bizi nahia, egungo eredua gainditzeko beharra. Honekin, errealitate alternatibo bat sortzen ari den prozesu baten isla ere bada.
Hastapenetan den herri egitasmo da Hernani Burujabe. Honek, lurraldea eraldaketaren helburu eta era berean bide bezala hartu ditu. Objektu eta subjektu. Lurraldegintza berri baterako prozesua, lurralde burujabea eraikitzeko. Baina zer esan nahi du honek?
Hasteko eredu kapitalista biozidak eratzen duen eredu eko-soziala gainditzeko borondate kolektiboa formulatu dela udalerrian.
Bigarrenik, zeru-muga hau diseinatu eta egiteko, lurralde agente anitzen arteko aliantzak eraikitzen ari direla: Udalaren, herritar antolatuen eta sektore ekonomiko burujabeen arteko lotura afektibo eta politikoak. Kontra-esanez salbu ez dagoen prozesua da, baina elkar-ekintzan agente bakoitza ari da bere toki eta funtzioa topatzen. Udalak baliabideen publifikazioaren misioa bere egin du, hau planifikazio herritar baten mesedetan jarri ahal izateko. Merkatu logikatik atera eta bizitzaren mesedera ekartzeko. Era berean, herritarrak eremu ezberdinetan ari dira antolatzen: Sektore burujabeak indartzen eta prozesuaren norabidetze estrategikoa hartzeko boteretze prozesu batean. Bestalde, eragile ekonomiko lurraldetuak sortzen edota saretzen ari dira modu demokratikoan lehenesti diren sektoreetan erantzunak eman ahal izateko. Elikaduraren sektorean, energian, zaintzan, telekomunikazioetan, tokiko txanponarekin edota bioaniztasunaren eremuetan jazotzen ari dena honen isla da. Sektorez sektore, egitasmo berean alternatiba sozio-ekonomiko burujabeak eraikitzeko prozesuak aktibatzen ari dira Hernanin.
Hernanitik, krisi ekosozialari lurraldeetatik erantzun behar diogula esaten ari zaigu. Bizitza erdigunean jarriz eta horretarako planifikazio demokratikoaren ideia sendoa ekarriz lehen lerrora. Gaitasunak antolatu, elkarrekin nahi dugun lurraldea planifikatu eta hori gauzatzeko boteretu. Horixe da egitasmoaren sakoneko metodoa.
Esana da, hastapenetan dagoen eta kontra-esanez bizi den prozesu bizi batez ari gara. Hiritik At-i honen barrunbeetan murgiltzeko aukera eskaini zaio. Honetan, aipatu planifikazioa eta honi loturiko gobernu ekosistema eraikitzeko erronkan bidelagun izateko zortea dugu.
Egindako bidetxoa ezagutzera emateko asmoz, dokumental txiki hau egin dugu Bira Produkziak-eko kideekin batera.
On egin!
Bizitzaren aldeko abentura honetan murgildu zareten herritar, udal langile, zinegotzi, militante, profesional eta lagun guztientzako.
Mila esker.
(Hirtik At. 2022/10/01)