Gero arte Lakaxita!

Gero arte Lakaxita!

GERO ARTE LAKAXITA!

| Hiritik At |

13 urte baino gehiago pasa dira Lakaxita okupatu genuenetik, 5 eta piko Hiritik At sortu genuenetik eta 3 t’erdi bertan bulegoa jarri genuenetik LKXT koop lelopean.

Bidean hamaika ekimen eta proiektu izan dira: jantoki bejetarianoak, antzerki edo zinema zikloak, hitzaldiak, dozenaka kontzertu, futbol txapelketa kultur anitza, baratza kooperatiben sorrera, haurren zaintza kolektiborako espazioak, Labore… eta etorkinentzako harrera gunea azken hilabeteetan ere!

Hainbat eta hainbat mugimendu sozialekin aritu gara elkarlanean eta gai desberdinak landu izan ditugu: feminismoa, kultura librea, elikadura subirautza, internazionalismoa, ekonomia sozial eraldatzailea eta kultur aniztasuna besteak beste.

Bidean arazoak, liskarrak eta arratoiak izan dira ere! Baina batez ere, benetan merezi duten pertsonak!

LKXT koop bulegoa

Gaur, Hiritik At-eko kideok agur esan diogu Lakaxitari. Eskualdean Ekonomia Sozial Eraldatzailea sustatzeko espazioa izango den BDS koop abiatu dugu eta ilusioz beterik gauden momentu honetan, nostalgia puntu bat sentitu dut ere.

Eragileak eta proiektuak pertsonok egiten ditugu zalantzarik gabe baina nonbaiten pentsatu eta garatzen ditugu eta, Lakaxita merezi duten hamaika proiektuen hazitegi izan da. Hiritik At bera ez zen izango Lakaxitarik gabe eta gu geu ez ginen garenak izango.

Lakaxitan ikasi, landu edo eztabaidatutako guztia eramaten dugu beraz gure bizitzen hurrengo erronkei aurre egiteko. Balore batzuk eta egiteko era batzuk eramaten ditugu gurekin, horiek garatu, hobetu eta guztia eraldatzeko nahiarekin, hasieran bezala…

Gero arte Lakaxita, kaixo BDS koop!

Mundua zirraratu duen astetik: Bartzelonako Sants auzotik kronika

Mundua zirraratu duen astetik: Bartzelonako Sants auzotik kronika

MUNDUA ZIRRARATU DUEN ASTETIK: BARTZELONAKO SANTS AUZORIK KRONIKA

| LKXT koop |

Katalunian azken egunetan lau haizetara zabaldu diren gertakuzinek, maila askoz ere mikroagoan ematen ari diren aldaketen ondorio ikusgarrienak dira. Aurreko astean, Sants auzotik bizi izandako esperientziek hala ematen digutera aditzera.

Kataluniako jendartean, erabakitze eskubidearen idei-pean zabaldu den desobedientzia, eta erresistentzia sortzailerako jarrera orokortuak, honek estatuan eragin duen egiturazko krisia, ez da ulertzen, maila mikroagona emandako aldaketarik gabe. Hiriz- hiri, herriz-herri, auzoz-auzo, kontzientziaz-kontzientza, sakoneko aldaketa bat egon da. Iraunkorragoa eta erabakitzaileagoa izan daitekeen “iraultza molekular” baten lehen pausoak. Isuri historiko anitz eta ugariak dituen ibai zabal eta konplexu honek, kooperazioan oinarrituriko jendarten baten eraikuntzari begira jarrera aldaketa nabariak ekarri ditu. Saltsa oso interesgarria autogestioan oinarrituriko jendarte baten bidean aurrera pausoak emateko.

Asteazkena 27, isuri horren zurrunbilatze bat dugu Sants auzoko demarkazioan, “Comites de Defensa del Referendum” (CDR) gauzatzen den momentua. 300 pertsona inguru batu dira, ezinegonak gidatzen duen etorkizun hurbilaren aurrean informazio bila. Jendarteak erdietsi duen antolaketa maila nabaria da, koordinatzaileek infromazioa argi aurkezten dute, galdera eta erabaki txikiak hartzeko tartea irekitzen da. Iritzi ezberdinak daude, baina baita kontzientzia historikoa ere, egoerak adostasuna eta eraginkortasuna eskatzen du, eta badago. Informazioa, parte hartze zuzena eta horizontalerako lehengaia da, norbanakoa kolektiboan ahalduntzeko beharrezko eta hortaz demokrazia zuzenerako aurre-baldintza. Hiruak kooperazioan oinarrituriko sistema sozial baten orube ziurra.

Larunbata 30, distritoan, bozka gune batzuk ez dute gau babes beharrik, eskolak ez direlako eta biharamunean bere irekiera bermatua dagoelako. Urteen poderioz auzoan ehundu diren sareen gaitasuna agertzen da kolpez. Sare komunitarioak komunikazio gaitasuna, wassap eta telegram-ez biderkatzen da, agentzia kolektibodun komunitate zabal eta anitza bat dago martxan. Bozka guneetako pertsonak komunikazio intentsoan, ezagun-ezezagun, babesa behar duten eskolen defentsan denbora gutxian antolatua. Lagunartean baina baita ere ezezagunekin lo egiteko eta desobedientzia aldarri erresistitzeko mikro komunitateak gauzatzen dira etengabe auzoan zehar. Geurea Francesc Maciá eskola da, gau hontan, kooperazio eta autogestioaren pedagogia klase historiko bat jasoko duten nerabez betea dagoena. Lurraldean errotzea duen saretzea, elkarlana, erresistentzia, eta konpromiso kolektiboa jendarte kooperatibo baterako jarrera klabe, abian.

Sants auzoko giroa

Igandea 1 herri oso bat martxan. Elkarrekiko indiferentziak gidatzen du gure eguneroko bizitza, “norbanakoz” osaturiko sozietate amorfoa. Agentzia kolektiborako, egunerokoa auto-determintzeko ezintasun nabaria da bertan. Gaur ordea, sare ahul hori trinkotu egin da, mikro-komunitateak oinarrizko xede komun baten gainean ados jarri eta “herri” egin dira. Eskoletako guraso elkarte, gune autogestionatu, kirol elkarte, kultur eragile, komertzio, afera anitzetako eragile sozialak eta “norbanako” isolatu ziren agenteak, komunitate erraldoi batean baturik. “Kotxeras” zentroan gaua, 100 bat pertsonak pasa ostean, goizeko 05.00-etan kanpoan, 600 pertsona inguru daude, aske izateko prest dagoen komunitate erresistentean batzeko prest. Goizeko 09.00tarako 1.000-tik gora izango gara. Gertutasuna nabari dugu, Turner-ek aipatzen zuen “communitas”-ean fusionatzen ari gara, eta elkar zaintza, enpatia, elkar-miresmena dira batze horren sustnatzia itsaskorra. Segurtasun indarren sarraskiak dabiltza mobilez mobil, ezinegon zurrumurruak eraginez, baina komunitate hau, mikro-komunitateen metaketa antolatuak ahalbidetu duen “herri” hau ez dago jada gelditzerik. Poliziaren gorroto kolpe bakoitzak, elkarrekikotasunean kohesionatzen gaitu. Beldurra ez da ezer, hemen trinkotu den ilusio, elkarrekikotasun eta maitasun komunitatearen aurrean. Zerbait atzera bueltarik gabe aldatu da norbanakoen kontzientzian eta honen gauzapen kolektiborako determinazioa agerikoa da. Elkarrekikotasunean oinarrituriko komunitatea, elakar-zaintza, jendarte kooperatibo baten oinarriak busti behar dituen sustantzia da. Honen izate baldintza eta honen sustengu.

Kooperatibismo eraldatzailea aipatzen dugunean, ez gara “esparru produktiboan” jaio eta hiltzen den proposamen batez ari.

Ekonomia Sozial Eraldatzaileaz hitz egiten dugunean, Kooperatibismo eraldatzailea aipatzen dugunean, ez gara “esparru produktiboan” jaio eta hiltzen den proposamen batez ari. Aitzitik, paradigma sozial berri baten errotzerako, borrokatu behar dugun esparru batez ari gara. Konkurrentziak, hazkunde etengabeak eta bizitzaren merkantilizazioak, ekoizpen esparru kapitalistaren paradigma iturri duela argi egonda ere, ezin uka bizitzaren eremu gero eta gahiago ari dela bere logikan murgiltzen. Kapitalismoa paradigma sozio-kultural bat ere bada. Honela, guk, ESE-tik, konpetentziari elkarrekikotasuna kontrajartzen diogu, hazkundeari behar eta desira kolektiboak erdigunea edukiko dituen tokiko garapena eta merkantziaren logika unidimentsionalari bizitzaren konplexutasunaren logika anitzak. Kapitalaren erlazio sozialaren nagusitasunari kooperazioaren erlazio soziala, bizitza sustengatzeko martxan jartzen ditugun harremanen funts bezala. ESE kooperazioan oinarrituriko jendarte paradigma bat borrokotzeko lubakia da, kasu honetan “ekonomia produktiboan” duena borroka frente nagusi. Autogestio orokortua zabaltzeko bidean, lubaki estrategiko bat delako gaur egun “ekonomia” bezala zedarritzen den esparrua.

Frente honetan aurre-pausoak ematea garrantzizkoa bada, hau ez da posible inoiz jendartea orokorrea zeharkatuko dituzten aldaketa sozio-kulturalik gabe. Horiek ikusi ditugu abian, aldaketa molekularrak, aldaketa estrukturalekin batera, mugimendu bakarraren bi pauso bezala. Kataluniako haustura prozesua kooperazioak eskatzen duen gauzatze komunitario prozesu bat ere bada. Elkarrekikotasuna, emozionalitatea, elkar-zaintza, aniztasunaren kuadeaketa, antolaketa, gardentasuna, demokrazia zuzena, diziplina, auzoz auzokako errotzea ditu bere oinarrian, ezbairik gabe kapitalismoari kontrajartzen zaion funtzionamendu sozial baterako “humus” potentziala. Kooperazioa paradigma sozial anti-kapitalistaren oinarrizko erlazio bezala kokatu beharrean gara, ESE-tik eremu ekonomikoan borrokatuko duguna, baina jendarte guztia zeharkatzen dituenean erakutsiko duena bere potentzial emantzipatzaile guztia. Katalunian memoria eta praktika markatuko duen “hito” bat eman da azken egunetan, herrialde katalanetan baina baita ere Euskal Herrian gauzatzen saiatu behar dugun potentziala. Jarrai dezagun ba, kooperazioa kooperazioz erdiesten.